Easo eta San Martin kaleen arteko bidegurutzean hondeatze lanak hasi ditu ETSk
Euskal Trenbide Sareak (ETS) metroaren igarobidearen lanekin aurrera jarraitzen du. Gaur goizean, Erdialdea-Kontxa geltokiaren nasa azpiko aireztapen putzua hondeatzeko fasea abiatu dute. Ondorioz, Easo eta San Martin kaleen arteko bidegurutzearen zati bat hartuko dute lanek. Dena dela, obra aurrera eraman bitartean, errei bat irekita egongo dela adierazi du ETSk.
Hasiera batean, lanak egiteko epea 34 astekoa izatea aurreikusi dute. Beraz, 2025eko udaberrira arte luzatuko dira. Lanen ordutegia Donostiako Udalarekin adostu du ETSk, eta, ezinbesteko kasuetan izan ezik, 08:00etatik 18:00etara egingo dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Saila da obraren arduraduna, eta aste honetan aldez aurretiko lanak egingo dituzte. Hala nola, seinaleztapen bertikala edo zintarriaren jaitsiera. Ondoren, aireztapen putzua hondeatzeko, Raise boring metodoa erabiliko dute, harrian putzuak era bertikalean eraikitzeko sistema.