Txillida Lekun izango den argi jaialdi berri bat aurkeztu dute: Distirabirak
Xabier Lozanok eta Edorta Subijanak sortu dute museora egokitutako formatu hau.
Txillida Lekun, argi proiekzioetan oinarritutako jaialdi berri bat egingo dute, urriaren 18an eta 19an. Distirabirak izango da jaialdiaren izena, eta argia, artea eta musika nahastuko dituzte, bi egunotan.
Musika, artea eta argi-proiekzioak, bi gauez
Distirabirak iluntzean egingo da. Hasteko, ibilaldi musikal bat egingo da Txillida Lekuko sarreratik baserriraino, Lucia Arzallusen zuzendaritzapean arituko den Easo Sinfoniettaren eskutik. Iñaki Carcavillak parada honetarako konposatu duen obra Eduardo Txillidaren eskulturan oinarritzen da espazio eta musika joko bat eraikitzeko.
Gainera, erakusketa hauek izango dira hitzorduan: Lurdes Basolí eta Elisa Miralles artisten Ser lobas, Eneritz Furyakek eta Oriol Floresek sortutako musika duena; Juxe Areta Goñiren Zu barik eztau; eta Carlos Arrutiren (jaialdiaren kartelaren egilea da) eta Clara Lizasoainen Toroides. Bai eta instalazio hauek ere: Jokin Guridiren Eome eta Ara Darribaren Flourishing.
Xabier Lozano eta Edorta Subijana dira jaialdi honen egileak,eta topaketarako plataforma gisa planteatu dute, espazioak rol nagusia jokatzen duela. Zenbait diziplinatako artistek parte hartuko dute Distirabiraken programan, eta Txillida Leku publikoa, artea eta espazioa elkarteko tokia izango da.


