Emakumearen kontrako indarkeriaren epaitegiak hartu du Txomiñeneko ertzainaren kasua
Emakume gisa erregistratu ostean emazteari eta alabei eraso egin zien ertzainaren kasuan, Donostiako 4. Instrukzio Epaitegia inhibitu egin da, eta, hortaz, Emakumearen kontrako indarkeriaren epaitegiak hartuko du bere gain auzia.
Hain zuzen, Donostiako Epaitegiak aintzat hartu du Gipuzkoako Fiskaltzak egindako eskaria. 2023ko irailetik ertzaina Erregistro Zibilean emakume gisa ageri bada ere, auzia Emakumearen kontrako indarkeriaren epaitegiak hartzeko eskatu zuen.
Fiskaltzaren arabera, emakume gisa erregistratu aurretik bikotekidearen aurkako tratu txarrak egon izan balira, delituak metatu eta guztiak emakumearen aurkako indarkeria gisa aitortu ahal izango lirateke.
Pasa den abuztuaren 17an atxilotu zuten ertzaina Txomiñenean, emazteari eta alabei labanarekin eraso egiten ahalegintzea leporatuta. Gertaturikoaren berri izan ondotik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zerbitzutik kendu du ertzaina.