Realak Txillida omenduko du elastiko berri batekin
Elastikoa hori larunbateko partidan bakarrik jantziko da eta asteazken honetan jarriko da salgai.

Realak Eduardo Txillida eskultore donostiarrari eskainitako kamiseta batekin jokatuko du larunbat honetan, Real Madrilen aurka. Elastiko berriarekin talde txuri-urdinak keinu bat egin nahi izan dio eskultoreari, bere jaiotzaren mendeurrena ospatzeko. Ospe handiko artista ez ezik, Realeko atezaina ere Txillida izan zen 1940ko hamarkadan. ‘Katua’ ezizena jarri zioten, jauzi egiteko abilezia eta erakutsi ohi zuen bizkortasunagatik, baina lesio larri batek bere kirol etorkizuna zapuztu zuen futbol profesionala hasi eta gutxira.
Realak aurrerapen bideoa zabaldu du sare sozialetan azken orduotan, baina elastikoaren diseinua gaur argituko du, Txillida Lekun grabatutako bideo baten bitartez. Itxurari dagokionez, kolore zuri urdinei eutsiko diela dirudi, baina ohiko marrak baztertuko dituela. Elastikoa nolakoa den argitzen denetik aurrera, salgai jarriko dute Realaren denda ofizialetan, guztiak agortu arte.
Zabaltzear dagoen kamiseta ez da Realak eskultorearekin izan duen keinu bakarra. Dagoeneko, 1940eko hamarkadako atezainaren arropan inspiratutako Chillida jertsea du salgai.