Isabel Hergueraren ibilbide artistikoa erakusketa batean jaso dute
Isabel Herguera (Donostia, 1961) artista eta zinemagilearen Atzerabegirakoa jarri dute ikusgai Kursaaleko Kubo aretoan. Erakusketan, Hergueraren ibilbide artistikoaren errepasoa ageri da, eta lau hamarkadatan egindako lana aurkezten dute, 1983an hasi zenetik, 2024ra arte. Hain zuzen ere, aurten atera dute argitara artistaren ekoizpenaren antolamendua, katalogazioa eta digitalizazioa. Erakusketa bihar zabalduko dute publikoarentzat, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da ikusgai.
Hergueraren sormen lanak hainbat arlo hartzen ditu: marrazkigintza, bideo instalazioak eta ikus-entzunezko formatuak lantzen ditu. Horietan, artistak animazioagatik duen zaletasuna ageri da, eta animaziotik narrazioa nola sortzen duen ere ikus daiteke.
Nekane Aranburu da erakusketako komisarioa, eta haren gidaritzapean, hainbat proposamen ikus daitezke Kubo aretoan: 1980ko hamarkadan bideo-arteak izandako hastapenetara hurbilketa, Euskal Herriaren testuinguruan ikus-entzunezko jarduerek izandako bilakaera historikoa eta nazioartera izandako hedapena ezagutzea, animazioaren esparruak azken urteetan izandako aukeren bitartez, jardun global deslokalizatua bihurturik.
Gaurko prentsaurrekoan Herguerak azaldu duenez, berak A4 formatuan egiten du lan, eta erakusketarako, egokitu egin behar izan dituzte bere lanak. “Eskerrak eman nahi dizkiot lantalde osoari, izan ere, hemen ikus daitezkeen gauza batzuk baldintza txarretan zeuden lehen. Kaxak soto hezeetan zeuden, Donostia hezea delako, eta desagertzeko zorian. Egia esan, erakusketak balio izan du berriro ere dena ikusgai jartzeko, eta nik ere egin dudan guztiaren inguruan hausnarketa egiteko”, azaldu du artistak.
Adierazi duenez, proiektu bat kaleratzen duenean ahaztu egiten da hortaz, eta proiektu berri bati ekiten dio. “Beraz, hau ariketa bikaina izan da iraganari kariñoa izatera itzultzeko”, nabarmendu du Herguerak. Besteak beste, erakusketan ikus daitezke El lavabo (1983) bideo instalazioa, Lavomatic (1985) lana, Baquine (1992) eta Los muertitos (1993) film laburretarako materiala, La gallina ciega (2005) lana, Kutxa beltza (2016) eta iaz estreinatu zuen Sultanaren ametsa film luzerako erabilitako ilustrazioak.