Grosen salatutako sexu eraso bat ikertzen ari dira
Pasa den ostegunetik ostiralerako gauean Groseko Katalunia plazaren inguruan gertatutako sexu eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza. Polizia autonomikoak ostiralean jaso zuen aipaturiko plazaren inguruan gizon baten erasoa pairatu zuen emakumearen salaketa, eta hori da ikertzen ari direna.
Horren aurrean, Donostiako Udalak, udal talde guztien babesarekin, erasoa gaitzesteko erakunde adierazpena onartu du, baita elkarretaratzera deitu ere, hilaren 17rako, 12:00etan, Alderdi Ederren. Jarraian, udalaren adierazpen osoa:
1.- Udalak erabateko irmotasunez gaitzesten du gure bizilagunak jasandako erasoa. Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera bat izan da.
2.- Babesa eta elkartasuna adierazi nahi dio eraso tamalgarri honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak indarkeria egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiei jakinarazten die laguntza behar eta nahi izanez gero udalak dituen zerbitzu eta baliabideetara jo dezaketela.
3.- Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta udalak guztiak gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Eta sexuen hezkuntza lantzea, horiek kudeatzeko trebetasunak eta baliabideak emateko. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela.
4.- Udalak hiritarrei dei egiten die asteartean, hilak 17ean, 12:00etan, Alderdi Ederreko lorategian egingo den gaitzespen bilkuran parte hartzera
5- Udalak gaitzespena adierazteko hirian egiten diren deialdiekin bat egiten du.