Zutoinek eta epaileak baldintzaturiko porrota
Txuri-urdinek galdu egin zuten berriz ere etxean. Oraingoan, Real Madrilen kontra (0-2).
Burua altxatu ezinda dabil Realeko mutilen taldea. Lau puntu baino ez dituzte batu bost jardunalditan, eta Anoetan jokaturiko guztia galdu dute. Dagoeneko batzuk alarma eta sua pizten dabiltzan arren, txuri-urdinek partida ona egin zuten larunbatean. Real Madril baino hobeak izan ziren, aukera garbiagoak izan zituzten —bi baloi langara eta beste bat zutoinera bidalita—, baina hori ez da nahikoa izaten aipaturiko arerioa gainditzeko.
Zorte txarrak eta Martinez Munuera epaile are txarragoak baldintzatu zuten emaitza. Izan ere, Real Madrilek penaltiz sarturiko bi golei esker eraman zituen hiru puntuak. Lehena Sergio Gomezi adierazi zioten, Arda Gullerren jaurtiketa bat besoekin urruntzeagatik. Batzuetan adierazten diren horietakoak dira, baina ez beti. Bigarren penaltiak zalaparta gehiago sortu zuen. Viniciusek neurketa gelditu, epaileak jokaldi bat VAR teknologiaren bidez berrikusi, eta bisitarien alde jotzea erabaki zuen. Jon Mikel Aramburuk Vinicius zapaldu izana zigortu zuen. Ordea, horrelako hiru bat jokaldi berdintsu izan ditu Realak alde, eta guztietan penaltirik ez adieraztea erabaki zuten epaileek. Beraz, Anoetak su hartu zuen madrildarren bigarren golarekin.
Arestian adierazi moduan, Realak ez zuen Courtois atezainaren atea zulatzea lortu. Sucic kroaziar gazteak baloia langan lehertu zuen lehenik, eta beste jokaldi batean zutoinera bidali zuen. Sheraldo Beckerrek ere langara bidali zuen baloia. Ondorioz, dena kontra izan zuen Realak, eta egoerari buelta ematea dagokio sailkapeneko zulotik irteteko.
Realeko neskek ere galdu egin zuten Bartzelona txapeldunaren aurka (3-1). Esperotakoa izanik ere, txuri-urdinek maila paregabea eman zuten. Pentsa, kataluniarrei gol bat egiteko gai izan ziren, Lucia Pardoren bidez. Sentsazioak onak izan ziren, baina bi partida jokatu eta biak galdu ditu Realak. Lehen garaipenaren bila joateko garaia da.
Eskubaloian, Bera Berak oso sendo hasi du ohorezko mailako liga. Etxeko lehen partida larunbatean jokatu zuten, Gaska kiroldegian, eta aise menderatu zuten Valladolid (34-21). Arroyo zortzi golekin, Alvarez bostekin eta Karsten beste bostekin izan ziren donostiarren jokalari erabakigarriak.
Belar hockeyan, garaipen garrantzitsu batekin hasi du liga Realak. Etxetik kanpo, Pau Negre zelaian, jokatu zuten estreinakoa atzo, eta Bartzelona igo berria gainditu zuten (2-6). Denboraldi honetan onenekin aritzeko itxaropena du taldeak, eta lehen neurketan erakutsitako mailak berresten du aipaturiko asmoa.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 2. jardunaldia
- Bartzelona 3 – Reala 1
Gizonezkoen liga, 5. jardunaldia
- Reala 0 – Real Madril 2
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 2. jardunaldia
- Bera Bera 34 – Valladolid 21
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 1. jardunaldia
- Bartzelona 2 – Reala 6