Atef Abu Saif palestinar politikari eta idazlea Donostian izango da urriaren 3an
Iazko udazkenetik Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren lekuko eta narratzaile izan da Atef Abu Saif idazle eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohia (Jabalia, Palestina, 1973); berrogei egunez Gazako egunerokoa argitaratu zuen Berria-n, eta, hala, palestinarrak bizitzen ari ziren genozidioaren testigantza eman egunez egun. 85 egun igaro zituen zerrendan, harik eta abenduaren 29an ihes egitea lortu zuen arte. Bizipen horiek Don’t Look Left. A Diary of Genocide (Ez begiratu ezkerrera. Genozidio baten egunerokoa) liburuan jaso zituen, eta, orain, Aleka bilduman argitaratu da euskarazko bertsioa —Berria-k, Elkarrek eta Jakin-ek elkarlanean sortutako bilduma da Aleka—. Abu Saifek berak hitzaldi bat emango du Donostian urriaren 3an, ostegunarekin, liburua jendaurrean aurkezteko. Gonbidapenak eskuragarri daude Donostia Kulturaren webgunean.
Solasaldia Donostiako Antzoki Zaharrean egingo dute, 19:00etan hasita. Amagoia Mujika Berria-ko zuzendariak eta Arantxa Elizegi Munduko gaietako editoreak jendaurreko elkarrizketa egingo diote egileari. Ekitaldia euskaraz eta ingelesez izango da, eta aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da. Gonbidapenak irailaren 16tik aurrera Donostiako Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan ere egongo dira eskuragarri. Urriaren 3a baino lehen BERRIAlagun egiten diren lehenengo 50 lagunek doan jasoko dute liburua, Abu Saifek berak sinatuta.
Liburua BERRIA dendan dago salgai, eta BERRIAlagunek merkeago eskura dezakete. Irene Arrarats Lizeagak eta Maialen Berasategi Catalanek euskaratu dute, eta azala Idoia Beratarbide ilustratzaileak diseinatu du. Etekinak irabazi-asmorik gabeko Medical Aid for Palestinians, Middle East Children’s Alliance eta Shefield Palestine Solidarity Campaign (Khan Younis Emergency Relief) gobernuz kanpoko erakunde eta elkarteei emango dizkiete.