Loiolako kuartelen afera «laster» argituko dela uste du Eneko Goiak
Espainiako Kostaldeko zuzendaritzaren erantzunaren zain jarraitzen du Donostiako Udalak.
Hilabeteak aurrera doaz, eta oraindik argitu gabe dago Loiolako kuartelen salerosketaren afera. Donostiako Udalak eskriturak ez sinatzea erabaki zuen ekainean, mugatze lerroaren afera argitu arte. Abuztuan, berriz, Espainiako Defentsa Ministerioarekin adosturiko hitzarmena aldi baterako eten zuen, abuztuaren 18an iraungiko zelako akordioa. Horrela, salerosketaren hitzarmena berrartu ahal izango dute udalaren interesak bermatzen direnean.
Urumea ibaiarekiko mugatze lerroari dagokionez, Espainiako Gobernuaren Kostaldeko zuzendaritzak dio ehun metrokoa izan behar dela, baina udalak hogei metrokoa izatea eskatu zion. Izan ere, ehun metroko mugatze lerroarekin udalak ezingo lituzke aurreikusitako etxebizitzak eraiki lursailean. Udalak pasa den uztailean aurkeztu zituen alegazioak, eta udako oporraldia pasatuta, Kostaldeko zuzendaritzak ez du erantzunik eman.
Erantzun horren zain jarraitzen du udalak, baina “laster” jasoko dutela adierazi zuen atzoko Hirigintza batzordean Eneko Goia alkateak Hilabete honetan edo hurrengoaren hasieran iritsiko omen da erantzuna, Goiaren ustez. Horrela ere, ebazpena udalaren interesen aldekoa izango dela uste du alkateak, eta, beraz, “lasaitasun” mezu bat helarazi zuen batzordean.