Robotikari buruzko tailer bat eskainiko dute Eureka! Zientzia Museoan
First Lego League robotikari buruzko tailer teknologikoa eskainiko dute Eureka! Zientzia Museoan, urriaren 5tik aurrera, Gaurkoteken eskutik. Bertan, aurtengo robotika hezitzaileen arloko munduko lehiaketarik ospetsuenean, First Lego Leaguean, izan den erronka landuko dute parte hartzaileek.
Zehazki, Challenge kategoriako robotaren erronka izango dute ardatz. Erronka honek hamabost misio biltzen ditu, eta robotak misio horiek banan-banan gainditu beharko ditu. Misioak mota askotakoak dira: batzuk bultzatzea, beste batzuk tiratzea, igotzea, garraiatzea edo mekanismoak arrastatzea beharko dute.
Erronka honi aurre egiteko, misio bakoitza modu autonomoan gainditzeko gai izango den robota diseinatuko dute. Horrez gain, hamabost proba horietako bakoitzera egokitzeko gehigarri desberdinak sortuko dituzte, eta gehigarri horiek erraz jartzeko eta kentzeko modukoak izango dira. Jokoa 240×120 zentimetrotako gutxi gorabeherako tapiz edo joko-eremu batean garatuko da, eta guztira 550 puntu lortu ahal izango dituzte. Ofizialki, 2 minutu eta 30 segundo izango dituzte erronka betetzeko.
Lego Spike Prime erabiliz, taldean lan egingo dute. Bere sentsore eta motorrei esker, robota programatuko dute misioak gainditzeko behar dituzten ekintzak egin ditzan.
Izen ematea esteka honen bidez egin daiteke.