Tanger taberna itxiko dute
Egungo maizterrek lokala erosteko proposamena baztertu dute. Lokala salgai dago 1,5 milioi euroan, higiezinen webgune batean.
Erdialdeko Tanger tabernak ateak itxiko ditu hilaren 29an, Zinemaldia bukatu eta biharamunean. Hala berretsi du Ancora elkarteak, sare sozialetan zabaldutako argitalpen baten bitartez. Hedabide honek jakin duenez, lokalaren jabeek orain arte izan duten alokairu kontratua eten dute, taberna salgai jartzeko erabakiarekin.
Egungo maizterrei soilik taberna erosteko aukera eman diete, alokairua luzatzeko aukerarik gabe. Horren aurrean, lokala ez erostea erabaki dute, prezioa garestiegia delako. Idealista atariaren arabera, 1,5 milioi euroan jarri dute salgai.
Albistearen harira, hiritar asko izan dira sareetan itxiera deitoratu dutenak. Iruzkin horien artean ikus daitezke, besteak beste, Euskal Herriko hainbat aktore ezagunen profilak. Izan ere, urte luzez, Viktoria Eugenia antzokiaren atzean dagoen establezimendua ohiko topaleku izan da antzerkiko langileentzat. Antzerkigintzarekin ez ezik, zinemagintzarekin ere harreman estua izan du tabernak, Zinemaldiko leku estrategiko izan baita, zinemazale eta profesionalentzat.
75 urteko ibilbidea
Tabernaren historia ezagutzeko, 1949ra egin behar da atzera. Urte hartako uztailaren 2an ireki zuten, La Voz de España eta El Diario Vasco egunkarien orduko aleek jasotzen dutenez: “Uztailaren 2ko inauguraziotik, Donostiak badu taberna bikain bat, gustu bikainarekin muntatua. Felix Aldasoro donostiar dekoratzaile akreditatuak, beste behin ere, bere aparteko balioa erakutsi du, bere estilo garbia egiaztatzen duena, inolako gastuari erreparatu gabe. Tanger tabernak jende zorrotzena asebeteko du, bere generoen kalitateagatik; hala ere, prezio arrunta eta normala izango du, inolako errekargurik gabe”.
Ancorak adierazi duenez, Okendo kaleko tabernan “obra handi bat egitea” aurreikusten dute. Ondare materialaren borrokan jarduten duen elkarteak gogorarazi du lokala ez dagoela ez dagoela hirigintzako eta eraikitako ondarea babesteko plan berezian (HEOBPB) babestuta, eta beraz, edozein aldaketa egin diezaioketela.