Telpark enpresako langileek gauetan duten «segurtasun falta» salatu dute
Telpark enpresaren tarifak %23 igo ditu dituzte azken hilabeteotan, baina langileen arabera, zerbitzuaren murrizketa nabarmenak izan ditu azken aldian.
Telpark aparkalekuetako 23 langileek elkarretaratzea egin dute gaur, euren lanpostuetako “lan baldintza txarrak eta segurtasun falta” salatzeko. Easo, Katalunia plaza, Atotxa, Bulebar, Okendo eta Kontxa azpian dauden aparkalekuak kudeatzen ditu enpresa horrek, eta tarifak handitu dituen arren, murrizketak egin ditu azken urtean. Langileek adierazi dutenez, langile faltaz gain, azpiegiturak ez dira behar bezala zaintzen: “Enpresak segurtasun murrizketak egin ditu, eta kamerak zaharrak dira”.
Bilkuran, gogoan izan dituzte azken asteotan Easoko eta Katalunia plazako aparkalekuetan izan diren eraso matxistak. Gertakariak salatzeaz gain, biktimei “elkartasuna” adierazi diete. Era berean, deitoratu dute enpresak bultzatutako prekarietate horrek, euren ongizatean ez ezik, “erabiltzaileen segurtasunean” ere eragin izana. Lantaldeak azaldu duenez, “segurtasun langileak kendu dituzte” eta kameren antzinatasuna dela eta, ez zaie jaramonik egiten alarmak jotzen duenean: “Argi dago bideozaintzako kameren bidez lortzen den segurtasunak ez duela balio inolako deliturik prebenitzeko, eta langileak ez gaituela babesten antzeko eraso edo gertakarietatik”, adierazi dute.
Baldintza agiriak betetzea
Horiek horrela, gaueko segurtasun langileak aldarrikatu ditu egungo lan taldeak, eta enpresak bete behar dituen “baldintza agiriak” bete ditzala. ELA sindikatuak ziurtatu duenez, “langileak duela urtebete bildu zen udalarekin egoeraren berri emateko”, baina udal arduradunek “ez diete kasurik egin”. Astearteko Tokiko Gobernu Batzarraren osteko prentsaurrekoan, ordea, baldintza agiriak berrikusteko konpromisoa hartu zuen Eneko Goia alkateak, segurtasun faltaren inguruan galdetu zitzaionean.
Enpresak, bere aldetik, arrazoi ekonomikoak argudiatu ditu, nahiz eta tarifak izugarri igo. Sindikatuarentzat, baina, “bai Donostiako Udala bai enpresa dira aparkaleku publikoetan laneko segurtasuna bermatzeko eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak jartzeko arduradunak”.