Dbuseko autobusen arriskuez ohartarazi dute mugikortasun astean, saihesten laguntzeko
Bidean Bat ekimena egin du Donostiako Udalak Dbusekin batera gaur, Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez. Jardueraren helburua izan da herritarrei erakustea autobus bat gidatzerakoan zer arrisku egon daitekeen, honela, saihesten laguntzeko.
Goizean zehar, Dbuseko langile batzuek autobus bat gidatzeari buruzko “bitxikeriak” erakutsi diete Alderdi Ederrera gerturatu diren herritar gutxiei. Parte hartzaileek zuzenean ikusi ahal izan dituzte zailtasun horietako batzuk, esterako, ibilgailuak dituen ikuspen mugak edo angelu itsuak. Era berean, Dbuseko langileek maniobra batzuk egin dituzte autobusekin, bertaratu direnek ikus dezaten zenbat leku behar den maniobra horiek egiteko.
Olatz Yarza Mugikortasuneko zinegotzia izan da bertan, eta mugikortasun astearen balorazio positiboa egin du. Hiria “lehentasunez” oinezkoentzat bideratu nahi duen Donostian, garraio publikoaren lehentasuna aldarrikatu du. Nabarmendu du, gainera, inoizko erabiltzaile gehien izan dituela Dbusek aurten.
Garcia Lorca pasealekuko polemikak
Garcia Lorca pasealekuko geltokiaz galdetuta, Yarzak adierazi du “ezin dela jakin” ea proposatutako aldaketa egingo den, eta noiz egingo den, “bi erakunderen arteko adostasuna lortzea gauza motela izaten delako”. Edonola, argi du, Gipuzkoa plazaren bi aldeak oinezkoentzako izatea helburutzat jartzen bada, nola edo hala, Lurraldebuseko geltokiak bertatik kendu beharko direla.