'The Last Showgirl': hiltzear dagoen izarraren azken dantza
Pop kulturak bere ikonoak ditu, belaunaldi bat markatzen dutenak. 1990ean koskortu ginenontzat Pamela Anderson sorosle bat da eta izango da beti. Horregatik kosta egiten da une batzuetan The Last Showgirl-en egiten duen roltzarra baloratzea. Bera da ala antzezten ari da?
Hiltzera doan izar bat da Shelly Garner. 57 urte ditu, eta 30 daramatza Las Vegasko Le Razzle Dazzle klubean, “dantza erotikoa” egiten —hori da izen teknikoa eta—. Hori da bere bizitza, eta karrera horregatik utzi zuen albo batera bere seme Hannah. Noski, Hannahri bost axola amaren “dantza” proiektua, eta maitasun-gorroto harremana du harekin.
Shellyrentzat inportanteena da dantza, eta Le Razzle Dazzle itxiko dutela jakitean, mundua gainera eroriko zaio: “Desagertzea tokatzen zait orain”. Beste dantzalekuetan saiatzen den arren, aspaldi utzi zion “gazte eta sexy” izateari. Eta berak ere badaki hori.
Gia Coppolak gertu-gerturik jarraitzen du Shelly, une batzuetan dokumental batean gaudela iruditzeraino. Shellyren positibismoa, bere poz txikiak, denak doaz pikutara konturatzen denean hiltzera kondenatua zegoen proiektu batean zegoela. “Le Razzle Dazllek garai zaharrak gogora ekartzen ditu. Paris dirudi”, dio Sheyllik. Hain zuzen, hiltzera doanak nola baztertu behar duen kontatzen digu The Last Showgirl-ek, kabaretaz harago.
Bestalde, emakumearen rolaren inguruko gogoeta oso presente dago filmean. Egindakoa ez dute barkatzen ez amek, ez alabek. Eta gizonek bizkar ematen diete. Showgirl edo puta estigmak gainetik kendu ezin dituzten emakumeak daudelako. Sikario izandako gizonek, edo alabaz ezer jakin nahi izan ez dutenek, ordea, nahi duten moduan eraiki dezakete bizitza.
Pelikulan grabatua dagoela dirudi filmak, kolore bizi-biziekin, eta nostalgia zaporearekin. Istorio sinple eta indartsua. Urrezko Maskorra ez du irabaziko, baina ez da alferrik pasatu Zinemaldiko Sail Ofizialetik.