Maite ditut
Nik ere maite ditut nire kezka bakarra familiarekin edo lagunekin zerbait hartzera ateratzea diren egunak. Beste zereginik ez duzunean, eta gorputza eta etengabe lanean dugun burua lasai dituzunean, eskertzen dira horrelako momentuak. Izan ere, errutinak batzuetan eramaten gaitu bizikleta baten gainean biziko bagina bezala bizitzera, gelditzen ez diren gurpilen gainean, hara eta hona.
Batzuetan, bizikleta horrek motorra izaten du gainera —argazkikoaren gisan—, eta azkarrago ibiltzera eramaten gaitu, momentuan egiten dugunaz gozatu ordez, egin beharrekoa egin eta hurrengo zereginera presaka salto eginaraziz. Horregatik maite ditut hainbeste nire ingurukoekin presarik gabe egoteko tarte horiek, minek eta kezkek pisua galtzen duten momentu goxo horiek.
Eta pentsa dezakezu, irakurle, munduko pertsonarik ñoño–ena izan naitekeela hitzok irakurri ostean, baina zerbaitek pizten zaituenean, esan egin behar da: Aperol Spritz baten txinpartek egiten duten moduan.