Telefono deien maratoia egingo dute adinekoen bakardadea arintzeko
Nagusilan elkarteak Dei Solidarioen Maratoia egingo du urriaren 3an, adinekoen bakardadea ikusarazi eta herritarrak kontzientziatzeko. Era berean, elkarteak bozgorailutzat erabili nahi du ekitaldia, behar hori duten pertsona gehiagorengana iritsi eta haien egoera emozionala hobetzen lagundu dezaten. Hala, elkarteak adierazi duenez, 12 orduz, 9:00etatik 21:00etara, “Zilarrezko Haria” izeneko doako telefono zerbitzuaren bidez deiak egingo dizkiete bakardadean dauden pertsonei.
Eneko Goia alkateak adierazi duenez, bistakoa da adineko askok halako zerbitzu baten beharra dutela. Era berean, hurbilketa hori oso “eskertua” izan ohi dela gaineratu du alkateak: “Badakigu zenbat eskertzen duten bakarrik sentitzen diren adinekoek dei bat, entzuten dien eta haiekiko interesa duen norbaiten hurbilketa. Pandemian zehar martxan jarri genuen Lagunkate ekimenarekin egiaztatu ahal izan genuen hori. Ekimen horri esker, 23.000 dei baino gehiago egin ziren, eta, horiei esker, 65 urtetik gorako pertsonekin 1.500 ordu baino gehiagoko elkarrizketak sortu ziren”.
Nagusilan, 24 urte lanean
Zilarrezko Haria 2000. urtetik ari da bakardadean bizi diren adineko pertsonei laguntzen. Ekitaldi honen bidez, herritarrak kontzientziatu nahi dira, behar hori duten pertsona gehiagorengana iritsi eta haien egoera emozionala hobetzen lagunduz. 24 urteko ibilbidean, Zilarrezko Haria zerbitzuko boluntarioek 360.000 dei egin dituzte eta 144.000 boluntariotza-ordu eskaini.
Zerbitzuak, gainera, eraldaketa bat izan du COVID-19aren pandemiaren ondorioz, boluntariotza presentziala eten eta bulegoko call centerretik deiak egiteko aukera debekatu zenean. Egoera horrek, Zilarrezko Haria Mugikor Aplikazioaren sorkuntza bultzatu zuen, eta, aplikazioari esker, doako telefono bidezko laguntza-deiak egin daitezke edozein lekutatik.