160.000 ikusle izan ditu 72. Zinemaldiak
Amaitu da 72. Zinemaldia, eta antolatzaileek adierazi dutenez, edizio “gogoangarria” izan da. 160.000 ikuslek eta 5.000 akreditatu baino gehiagok hartu dute parte astebete iraun duen zinemaren jaian, eta Jose Luis Rebordinos zuzendariaren hitzetan, “azken urteetako Zinemaldirik onena” izan da.
Donostia Sariei dagokienez, hiru banatu dituzte aurten, nahiz eta Javier Bardemena, berez, iazkoa izan. Aurtengoei dagokionez, Cate Blanchett aktoreak jaso zuen lehena, eta Pedro Almodovar zinema zuzendariak bigarrena. Aurtengo Zinemira Saria, berriz, Elena Irureta aktoreari eman diote. Gainera, Ane Gabarain aktore donostiarrak Gure Zinema saria jaso du.
Urrezko Maskorra, aldiz, Tardes de soledad filmarentzat izan da. Filmak polemika piztu badu ere, Rebordinosek adierazi du “zintzoa” dela, eta zezenen munduari begiratzen diola: “Zezenketaren bortizkeria eta krudelkeria ezin dute ukatu toreatzaileek beraiek ere”. Zer pentsatua ematen duen pelikula bat dela adierazi du Zinemaldiko zuzendariak, eta ikusleari espazio handia uzten diola, eztabaidatzeko eta pentsatzeko.
Hurrengo urterako erronkak
EITBri egin dizkion adierazpenetan, 2025eko Zinemaldirako erronken inguruan ere hitz egin du Rebordinosek. Aurreratu duenez, George Clooney Donostiara ekartzea da helburuetako bat, eta baita 2026rako Zinemaldiko zuzendari berria aukeratzea ere.
Gainera, jakinarazi dute 73. Zinemaldia 2025eko irailaren 19an hasiko dela.