Donostialdeko mugimendu autonomoak topaketak egingo ditu asteburuan Txerrimuñon
Urriak 5 eta 6an topaketak antolatu ditu Donostialdeko mugimendu autonomoak Lezon, Autonomiatik erein! lelopean. Donostia eta inguruko herrietako kide eta proiektu autonomoak elkar ezagutzeko, saretzeko eta indarrak batzeko elkargunea izatea bilatzen da. Bertan, “egungo problematika eta erronka amankomun anitzen inguruan kolektiboki” hausnartzea bilatuko dute.
Askotariko gaiak jorratuko dira bi egunetan zehar: ezinegon eta ondoez pertsonalei erantzun kolektiboak ematearen beharraz, elikadura burujabetzarako ekoizpen komunalen estrategia berriak, inguruan ematen ari den faxismo eta arrazakeriaren hazkundea eta lurraren defentsarako estrategiak (Hemen dago egitaraua osorik).
Lezoko Txerrimuñon eta gertuko espazioetan ardaztuko dira topaketa hauek, otordu begano eta bertakoak eskainiz eta baita lotarako tokia ere. Aisialdi tarteetan Juntajo taldearen emanaldia eta Eli Pagola eta Ohiana Arana bertsolarien bertso saioa izango dira. Topaketak mendi ibilbide labur batekin bukatuko dira, Iparragirreko oihana bisitatuko da bertan, tokiko memoria antifaxista jorratuz eta herritarren basogintza autogestionatua ezagutuz.