EAJk Donostian egingo du bere IX. Batzar Nagusia
EAJren Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) alderdiaren IX. Batzar Nagusiaren nondik norakoak azaldu zizkion igandean Aberri Batzarrari Forondan (Araba), Alderdi Egunaren bueltan. Hain zuzen ere, Donostian izango da Batzar Nagusia jeltzalea, 2025eko martxoaren 29an eta 30ean. EBBko presidente berria zein zortzi burukide berriak hautatuko dituzte batzar horretan, baita alderdiak hurrengo lau urteetan jorratuko dituen ildoak zehaztu ere: “EBBk eztabaidara eramateko proposatuko dituen bost agiriak aurkeztu ditu. Agiriok aztertu, zuzendu eta onartu beharko dituzte alderdikideek, EAJren idearioaren eguneratzea ekarriko baitute”, azaldu dute jeltzaleek.
Hala ere, urtarrilaren 20an abiatuko dute EBB berritzeko prozesua, eta zenbait fase izango ditu martxoa baino lehen: otsailaren 2ra bitarte, alderdikide jeltzaleek beren batzokietan pertsona bat proposatu beharko dute EBBren presidenterako eta sei pertsona burukiderako. Bigarren hautespen aldira igaroko dira gutxienez hiru Uri Erakunderen babesa jasoko duten pertsonak, eta, otsailaren 10etik 26ra, alderdikideek berriro izango dute EBBren presidenterako hautagaia eta burukide izateko zortzi hautagai aukeratzeko aukera. Herrialde Batzarrak otsailaren 27tik martxoaren 26ra bitartean egingo dituzte eta Uri Erakunde bakoitzeko ahaldunek, aginduzko manamendu bidez, beren batzokietan bigarren hautespen aldian aukeratutako pertsonak proposatu beharko dituzte. Era berean, Herrialde Batzar bakoitzaren ordezkariek, aginduzko manamendu bidez ere, Aberri Batzarrean, Batzar Nagusiaren baitan bilduko baita, Lurralde bakoitzean izendatu diren pertsonak bozkatu beharko dituzte.
Ehun dira Aberri Batzarrean, EAJren barne organo gorenean, boto eskubidea duten pertsonak. Alde batetik, Bizkaiko Herrialde Batzarreko 38, Gipuzkoako Herrialde Batzarreko hemeretzi, Arabako Herrialde Batzarreko hemezortzi, Nafarroako Herrialde Batzarreko hamabost eta Iparraldeko Herrialde Batzarreko bost daude. Bestetik, “Euzkadiz kanpoko erakundeetan” daude boto eskubidea duten Madrileko, Argentinako, Txileko, Mexikoko eta Venezuelako bana.
Bost agiri politiko
Andoni Ortuzarrek Aberri Batzarrari ezagutzera eman zizkion EBBk jeltzaleei proposatu eta hurrengo hilabeteotan eztabaidara eramango dituzten agiri politikoak. Bost hauek izango dira: Euskadi, Nazio Europan: Burujabetasuna, Nortasuna eta Helburu politikoak; Askeago izateko nazio oparoa eraikitzea: Justizia Soziala eta Hiritarren Eskubideen bermea; Mundu hobe baterako Nazioa, jasangarritasuna zainduko duena, bakean biziko dena; EAJ, bere Herriaren zerbitzura dagoen alderdia: euskal herritarrekiko loturak eta Antolaketa demokratikoa, alderdikideek egina eta arina, Euskadik dituen erronka politiko eta sozialei erantzuteko.
Agiri hauen zirriborroak, urrian eta azaroan zehar alderdikideek eurek osatuko dituzten lantaldeetan egingo direnak, EBBk onetsiko ditu eta ondoren, abenduaren 9an, Uri Erakundeetara bidaliko dituzte, alderdikideen artean aztertuak izan daitezen. Martxoaren 10a izango da ebazpen proposamenak eta jakinarazpenak aurkezteko azken eguna. Ondoren, martxoaren 29an eta 30ean, behin betiko onetsiko dira agiriok, Donostian.