Beldur Barik lehiaketako proiektuak azaroaren 8ra arte aurkeztu daitezke
Beldur Barik lehiaketa zabalik dago, eta indarkeria sexista eta matxista ikusarazten dituzten arte proiektuak aurkezteko aukera izango dute 12 eta 20 urte bitarteko gazteek azaroaren 8a arte, Beldurbarik.eus webgunean. Gainera, Beldur Barik jarrera sustatzeko lehiaketarekin bat egin du Donostiako Udalak, eta Donostiako taldeek lehiaketa orokorrera aurkezten dituzten lanek Donostiako lehiaketan ere parte hartuko dute zuzenean.
Donostian sortutako lanak bertako epaimahai batek baloratuko ditu. Horrez gain, Donostiako lehiaketak bere sari banaketa ekitaldia izango du, eta azaroaren 22an izango da, Kontadores Gazte Zentroan. Bertan, ekitaldi honetako saridunak aditzera emateaz gain, DJ baten eskutik festa giroa izan da.
Lehiaketaren xedea da emakumeek jasaten duten bereizkeria egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen arte adierazpen motak bultzatzea. Lanak errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarrerak izan behar dira. Horrenbestez, Beldur Barik proiektuek hau erakutsi behar dute: emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, pluralak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa.
Lehiaketan edozein adierazpen artistiko onartuko dute, baldin eta euskarri digitalean aurkezten bada: flashmob, errezitatutako poemak edota kameraren aurrean irakurritako hausnarketazko testuak, bideoklipak, argazkiak, fotonobelak, lipdubak, dantzak, etab.
Kategoriak eta sariak
Lehiaketan hiru kategoria daude: lehenengoa, 2012 eta 2010 bitartean jaiotakoak (12-14 urte); bigarrena, 2009 eta 2007 artean jaiotakoak (15-17 urte) eta hirugarrena, 2006 eta 2004 bitartean jaiotakoak (18-20 urte).
Donostiako sariei dagokienez, lehenengo eta bigarren kategorietan Donostian ospatuko den kirol ekitaldi edo ekitaldi kultural batera joateko sarrerak emango dizkiete. Hirugarren kategoriakoei, berriz, 300 euroko saria.
Epaimahaikideen erabakia azaroaren 22an jakinaraziko da sari banaketa ekitaldian.