Amara Berriko gurasoak haserre, Realaren futbol partida batengatik eskola orduak galduko dituztelako
Elkarretaratzea egingo dute gaur, urriak 2, "futbolak gure auzo eta ikas-komunitatean duen eragina salatzeko".
Amara Berriko gurasoak oso haserre agertu dira ostegunean Anoetan izango den futbol partidak sortuko dituen arriskuengatik, eskola lehenago itxi eta eskolaz kanpoko jarduerak bertan behera geratuko direlako. Ostegunean (hilak 3, 18:45), Realaren eta Anderlecht talde belgikarraren arteko Europa Ligako partida jokatuko da Anoetan eta, hori dela eta, segurtasun dispositibo berezia prestatu dute, udalaren hitzetan, “partida ikustera joango diren bi zalegoen arteko zein gainerako hiritarren arteko bizikidetza guneak bermatzeko”.
Gurasoek salatu dutenez, “futbol partida batek gure bizitza baldintzatuko du beste behin ere”. Adierazi dute “ohituta” daudela honelako egoeretara, baina oraingo honetan, larriagoa dela uste dute: “Donostiako ordezkari eta arduradunek gure auzo eta ikas komunitateko haur, irakasle eta familia guztien segurtasuna bermatzeko erakutsitako ezintasunaren ondorioz, ikastetxeak ordubete lehenago itxiko ditu ateak, gure haurrek euren irakas orduak galduz”
Honetaz gain, eskolaz kanpoko jarduerak ere bertan behera geratuko dira eta, salatu dutenez, “familia kontziliazioa larriki kaltetua izango da”. Guzti hori “onartezina” dela salatu dute.
Ez da lehen aldia futbol zaleen arteko liskarrek auzoan eragina dutela: “Realeko eta Benficako zaleen arteko istilu larriak zuzenean jasan genituen Ferreriaseko parkean eta hau salatzeko eskolak, Guraso Elkartearekin batera, bidalitako idatziak ez zuen inongo erantzunik jaso, ez eta konponbide bat bilatzearen konpromisorik ere”.
Egoeraren inguruan gogoeta eskatu dute: “Onartezina da futbol partida baten ondorioz ikastetxe batek eskola ordutegia aldatu (eskola komunitatearen segurtasuna bermatzeko bide bakarra hau izatea, alegia) eta auzo bat erabat itxi behar izatea. Gure auzoan futbolarekin zerikusirik ez duten askotariko interes eta zereginak dituzten pertsonak bizi dira, futbola, eta honen ondorioak, indarrez inposatzen direlarik gure bizitzetan”.
Elkarretaratzea egingo dute gaur, 16:30ean, Morlansko eta Ferreriasko ikastetxeen atarietan.