Gizateriaren aldekoak
Donostiako udaletxean harrera egin diote azken orduotan Atef Abu Saif idazle eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohiari; Israel eragiten ari den sarraskiaz eta beldurraz aritu dira.
Semearekin zegoen Atef Abu Saif Israelek lehen aldiz Gazari eraso egin zionean; han harrapatu zituen biak. Orain, kanpotik begira, semearen larruan jarri da aita: «Semeak ez du inoiz ahantziko bizi izan eta ikusi duena; ez ahantziko eta ez barkatuko». Etorkizunaz zer espero lezakeen ere zalantzan jarri du, eta argitu du «benetako bakeak» ekarriko diela haurrei berriz ere bizitzan sinisteko aukera. «Ez dakit, ordea, bakerik etorriko den».
Donostiako udaletxean harrera egin diote Atef Abu Saif idazle eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohiari. Alderdi Eder parketik sartu, eta mahaiaren bueltan eseri dira Eneko Goia Donostiako alkatea [EAJ], Ane Oiarbide PSOEko bozeramailea, Itziar Iturri EH Bilduko zinegotzia, Arantza Gonzalez Elkarrekin Donostiako zinegotzia, Ion Gambra foru aldundiko Giza Eskubideen zuzendaria, Amagoia Mujika Berria egunkariko zuzendaria, Julen Agirrezabalaga Elkarreko Ikastetxeetako Sustapen Arduraduna eta Lorea Agirre Jakineko zuzendaria. Horren aitzinetik, Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiarekin bildu da Abu Saif.
Elkar agurtu ondotik, egungo egoeraz galdegin dio Iturrik Abu Saifi; Israel Libanon egiten ari den erasoez, hain zuzen. Argi erantzun dio ministro ohiak: «Benjamin Netanyahuk beldurra dio bakeari. Ez du gerrarik eta sarraskirik bukatzerik nahi, eta horri irtenbidea bilatu dio: bertze gerra bat». Libanoko gerra «arazo berria» dela aitortu du, eta hala izateak arreta guztia «bereganatzen» duela. «Estrategia hutsa da gerra bat tapatzeko bertze bat sortzea», argitu du Abu Saifek. «Gazan egindako ekintza bera da Libanokoa».
Irtenbidea
Kontzientziaz aritu da idazlea jarraian, ohi denez «berandu» etortzen den horretaz. «Etorriko dira laguntzak, babesa eta elkartasuna; baina ordurako milaka hildako eta desplazatu egonen dira», etsitu du. Joan den urteko urriaren 7az galdetu dio Goiak: Israelek zer-nolako teknologia eta zerbitzu sekretuak dituen jakinik posible ote den Hamasen erasoa ez aurreikusi izana. Honela erantzun dio Abu Saifek: «Hori ezin da jakin, baina anitz dira hala pentsatzen dutenak». Erantzuna hemendik urte batzuetara jakinen dutela ebatzi dute. «Israelek, dena dela, ez du aitzakia beharrik eraso egiteko».
Kronika hau Berria-tik ekarri dugu CC lizentzei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.