Ane Gabarain, Gorka Otxoa eta Golden Apple Quartet donostiarrak saritu ditu Euskal Aktoreen Batasunak
Euskal Aktoreen Batasunak Besarkada sariak banatu zituen atzo Bilboko Campos Eliseos antzokian, eta hainbat aktore donostiar saritu zituen. Hogeigarren edizio honetan ere antzerkia, zinema eta telebista arloetako interpretazio lanak nabarmendu zituzten.
Donostiar sarituei dagokionez, telebista arloan, Gorka Otxoa saritu zuten, Machos Alfa telesailean egindako lanagatik. Zinema arloan, Ane Gabarainek jaso zuen saria, 20.000 especies de abejas filmagatik. Gainera, Ohorezko Besarkada Saria Golden Apple Quartetek jaso zuen, “30 urte baino gehiagoz egin duten lan bikainagatik, musika eta umorearen arteko uztarketa paregabe baten bidez, publikoa konkistatu dutelako”.
Sari guztiak
Gainerako sarituei dagokienez, antzerkian, Olatz Ganboak (Festen antzezlanean egindako lanagatik) eta Kepa Errastik (Posdatarik gabeko gutunak obran egindako lanagatik) jaso zuten saria. Telebista arloan, berriz, Itziar Atienza (Entrevías telesailean egindako lanagatik) saritu zuten. Zinema arloan, azkenik, Eneko Sagardoyk (Irati filmean egindako lanagatik) jaso zuen saria.
Bestetik, Antzerkiko errebelazio saria Leire Ormazabalek jaso zuen, eta telebistako Errebelazio Saria Sambou Diabyrentzat izan zen.