Lurraldebusen egoera salatu du Kontseilu Sozialistak: «Etekin ekonomikoak lehenesten ditu enpresak edozeren gainetik»
Donostiako Kontseilu Sozialistak Gipuzkoako autobus zerbitzuan izaten ari diren arazoak salatu ditu. Haien iritziz, Mobility ADO talde multinazionalaren barruan dagoen Avanza Grupok Gipuzkoako Lurraldebuseko autobus zerbitzua kudeatzen duenetik, egoerak okerrera egin du nabarmen: “Etekin ekonomikoak lehenesten ditu enpresak edozeren gainetik”.
Adibidez, Salatu dutenez, Avanzaren webguneak “hilabeteak daramatza izorratuta”, bidai txartelen online erosketa “oztopatuz”. Egoera honek “ezinegona” sortzen du erabiltzaileen artean, Kontseiluaren ustez: “Leihatilan erosi behar izateak, ez du bermatzen autobusa nahi den orduan hartzea”. Ikasle eta langileentzat benetako arazoa suertatzen du honek.
Bestetik, salatu dutenez, Avanzak “uko egiten dio” autobusen mantenu “zorrotz eta jarraikorra” egiteari, eta, ondorioz, Lurraldebuseko autobusek “matxurak, akatsak eta istripu arriskuak izan dituzte azkenaldian”, beti ere Kontseilu Sozialistaren iritziz.
Honegatik, Kontseilu Sozialistak Avanzari eskatu dio bere webgunea “berehala” konpontzeko, langileen lan baldintza “kaxkarrei” amaiera emateko eta “erabiltzaile, zein gidarien arrisku egoerak ekiditeko mantenu zorrotza eramateko bere zerbitzuetan”. Gipuzkoako Foru Aldundiari, berriz, “berak duen ardura” hartzeko eskatu dio, “guztiontzako kalitatezko garraioa bermatu dezan”.