Erretiratuen eguna, lehen aldiz, Martuteneko jaietan
Hilaren 9tik 13ra ospatuko dituzte auzoko jaiak, eta jai batzordeak auzo guztiak parte hartzea nahi duenez, erretiratuentzat ere egun berezi bat prestatu dute aurten.
Bihar hasiko dira Martuteneko jaietarako motorrak berotzen, jubilatuentzako luntxa izango baitute eguerdian, jubilatuen etxean. Festak, ordea, asteazkenean, hilaren 9an, hasiko dira, eta hilaren 13ra arte, egitarau oparoa izango dute Martutenen.
Jai batzordeko kideek azaldu dutenez, maiatzean hasi ziren jaiak antolatzeko bilerak egiten, eta aurten nor omenduko duten pentsatzen. Azkenean, erabaki bat hartu zuten, eta Arantzazuko Ama ikastetxea omentzea pentsatu dute. Jaietan omentzen dutena izaten da, gainera, jaietako kamiseta, zapi, jertse eta gainerako materialetako protagonista, eta ikastetxeko ikasle ohi bat arduratu da aurtengo diseinu koloretsua egiteaz. «Diseinua ari da ikasten ikasle ohi hori, eta normalean berari eskatzen diogu horrelakoak egiteko, marrazki politak egiten dituelako. Aurtengo marrazkiaren atzealdean, ikastola ikusten da, eta erdian zuhaitz bat, hori delako Arantzazuko Ama ikastolako logoa. Horrez gain, jendea dantzan irudikatu nahi izan dugu, eta horrela lotu nahi izan ditugu ikastola eta jaiak», azaldu dute jai batzordekoek.
Bada, aurtengo marrazkiarekin sortutako merchandising-a Martuteneko auzo elkartearen lokalean dago salgai; astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara.
Erretiratuen eguna, lehenengoz
Kamiseta berriak izateaz gain, badute beste berritasun bat ere, lehenengo aldiz, Erretiratuen eguna prestatu baitute jaietako egitarauaren barruan. Ostegunean izango da, hilaren 10ean. «Martuteneko jaiak denontzat izatea nahi dugu, eta urtez urte horretan saiatu gara. Aurten, helduei begira, pauso bat eman beharko genukeela pentsatu dugu, eta horregatik antolatu dugu Erretiratuen eguna», adierazi dute, eta honakoa gaineratu dute: «Normalean, jaietako azken egunerako uzten dugu dantzaldia helduentzat, baina beraientzat egun oso bat ez dugu inoiz antolatu, eta osteguna nahiz eta jaieguna ez izan, pentsatu genuen erretiratuentzat jarduerak jartzea polita izango litzatekeela».
Honako jarduerak izango dituzte erretiratuek beraien egunean: bazkaria Txapel Aundi elkartean, Tiempos de mujer antzezlana Ander Arzelus plazan eta eguna borobiltzeko, Tropicana Son-ekin dantzaldia parkeko karpan. Bazkarirako tiketak auzo elkartearen lokalean daude salgai.
Kontzertu «potenteak»
Musika ere ez da faltatuko Martuteneko jaietan, kontzertu sorta ederra prestatu baitute. Hilaren 11n, ostirala, Itzal eta Txolas DJ-a ariko dira parkeko karpa girotzen. Larunbatean, toki berean, Black Smoke, Su Ta Gar eta Javi Hidalgo DJ-a izango dira, eta ondoren, Tranvia tabernan jarraituko du festak, beste DJ saio batekin. Igandean, berriz, Puro Relajo taldea izango dute Martutenen, 19:00etatik aurrera.
Bestalde, Martu Morea batzordea sortu dute, indarkeria matxista ekiditeko. Protokolo bat eratu dute auzoan, eta puntu morea ere izango dute, norbait erasotzen badute lagundu ahal izateko. Arreta telefono bat ere jarri dute eskuragarri: 678-75 10 30.
Amaitzeko, Martuteneko jai batzordeak auzoko tabernei, komertzioei, gasolindegiei eta gainerako enpresei eskerrak eman nahi izan dizkie, jaiak aurrera ateratzen laguntzeagatik.