Añarbeko presa ezagutzeko bisita antolatu dute igandean
Añarbeko presara bisita antolatu dute igandean, urriaren 13an. Urtegiak Gipuzkoako biztanleriaren ia erdia hornitzen du (%44). Bisitarako autobusa 10:00etan irtengo da Renferen Norteko geltokiaren parean dagoen markesinatik, eta itzulera 14:00etarako aurreikusi dute.
Bisitariek presaren erraiak ezagutuko dituzte, galerietan zehar ibiliko dira eta urtegia husteko maniobrak nola egiten diren ikasiko dute. Zentral hidroelektrikoaren funtzionamendua ezagutzeko aukera ere izango dute. Azkenik, urtegiaren goialdera iritsiko dira, eta urtegia inguratzen duen ingurunea ikusiko dute.
Izen-emateak Cristina Enea Fundazioaren webgunean egin daitezke (www.cristinaenea.eus). Bisita euskaraz egingo da.

