Eskola kiroleko lehen kayak txapelketa egingo dute Txomiñenean
Donostia Kayak klubak eskola kiroleko lehen lehiaketa antolatu du Txomiñeneko ibai parkean, ur lasaietako piraguismoa sustatu eta kluba bera ezagutarazteko. Txapelketa igandean izango da, hilak 13, 11:30etik aurrera, eta mutilen zein nesken kimu eta haur kategoriatako lasterketak jokatuko dituzte Urumea ibaian.
Lehiaketaren irteerak Benartegi baserriko instalazioetatik hurbilen dagoen ibaiaren begiratokitik egingo dituzte. Kristobaldegi pasealekuko instalazioak maiatzaren 19an inauguratu ziren, klubak Urumea ibaian kokatzea izan baitu helburu urte luzez. 2019tik, Pasaiatik lekualdatu zirenetik, daramate bertan, baina ezin izan dute halako txapelketarik egin aurretik, kartzela inguruan dituzten azpiegiturek ez dutelako lehia ahalbidetu orain arte.
1998tik ur bareetan
Txomiñenen 2019tik ari diren arren, klubaren ibilbideak mende laurdena gainditzen du. Donostia Kaiak kirol kluba 1998ko urtarrilean sortu zen Arraun Lagunak eta Club Atletico Trintxerpe taldeetako palisten batasunetik. Ur bareetan zegoen eskaintza faltak bultzatuta hasi ziren jardunean, eta lehen hamabost urteak Pasaiako badian eman zituzten arren, gutxinaka-gutxinaka taldea Urumea ibaira gerturatzen joan da azken hamar urteetan.