Nola eragingo du HAPO berriak Ekialdeko Barrutian? 5.300 etxebizitza eta beste

Joan den astean hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) aurrerakina aurkeztu ostean (hemen daukazue dokumentu osoa), parte hartze prozesua abiatu du Donostiako Udalak, herritarrei informazioa helarazi eta behin betiko HAPOa osatzeko ekarpenak jasotzeko —Internet bidez proposamenak egiteko aukera irekita dago—. Lehenengo pauso gisa, bilera publikoak egiten ari dira egunotan hiriko hainbat auzotan, HAPOaren aurrerakinak planteatzen duenak eremu bakoitzari nola eragiten dion azaltzeko. Gogoratu behar da aurrerakina ez dagoela onartuta, baizik eta etorkizuneko HAPOa idazteko oinarria dela, eta, beraz, teorian behintzat, bertan planteatzen den ezer ez dela behin betikoa, momentuz.
Hain zuzen ere, Tomasene Kultur Etxean egon ziren astearte arratsaldean —hilaren 29an eta azaroaren 7an ere bilerak egingo dituzte Ekialdeko Barrutian—, eta sei gaitan banatu zuten aurrerakinak planteatzen duena: ingurune naturalak eta espazio libreak, ekipamenduak, mugikortasuna, etxebizitza, jarduera ekonomikoak eta ondarea eta paisaia. Halaber, aurrerakinak Ekialdeko Barrutiaren inguruan egiten duen diagnostikoa laburbildu zuten: espazio libreak falta dira, ekipamendu “gabezia handiena” duten auzoak dira, “mugitzeko eta lana eta familia bateratzeko zailtasunak” daude, aparkaleku zein irisgarritasun arazoak daude, GI-20ak “hesi efektua” sortzen du, hiriko errenta baxueneko eta langabezia altueneko auzoak dira, jarduera ekonomikoa galdu dute eta “lo auzoak” dira, lur kutsatu gehien dituzten auzoak dira eta “egoera okerrenean” daude euskarari dagokionez.
Hiriko etxebizitzen erdia
Etxebizitza eta, bereziki, etxebizitzaren prezioa da donostiarren arazo eta kezka nagusienetako bat. Hain zuzen ere, aurrerakinak arlo horretan aurkezten duenak eragin nabarmena du Ekialdeko Barrutian eta, batez ere, Altzan. Izan ere, aurrerakinak planteatzen du hiri osoan 12.038 etxebizitza eraikitzea hurrengo hamabost urteetan (%53 babestuak, gutxienez), eta horien erdia inguru Ekialdeko Barrutian eraikitzea planteatzen du: 5.320, zehazki.
Bi motatako lurzoruetan eraikiko lituzkete etxebizitza horiek, urbanizagarrian eta dagoeneko urbanizatuta dagoenean (hiri lurzorua). Lur urbanizagarrian, 3.249 etxebizitza eraiki nahi dituzte, %77 babestuak; hiri lurzoruan, aldiz, 2.071 etxebizitza planteatzen dira, %52 babestuak. Lur urbanizagarriko garapenak bi dira: Auditz Akular, non, 3.000 etxebizitza eraiki nahi dituzten (2.255 babestuak) eta Esnabide, non, 249 etxebizitza planteatzen diren, denak babes ofizialekoak edo tasatuak.
Bi kasuetan, egun eraikinik gabe dauden eremuetan eraikitzea suposatuko luke, baina bereziki esanguratsua da Auditz Akularrekoa. Odon Elorzaren garaitik dago mahai gainean berdegune handi horretan etxeak eraikitzea (2010eko HAPOan jasota dago) eta HAPO berriaren hirigintza irizpideen salbuespen bakar gisa planteatzen da, hiri urbanizatuaren mugetatik at ez eraikitzearen aldeko apustua egiten baitu aurrerakinak. Beste bi planteamendu ere jasotzen ditu aurrerakinak (2010ekoa eta berdegune gisa uztea), baina behin betiko planean ez jasotzea gomendatzen du. Hain zuzen ere, hori gogor kritikatu du aste honetan Altza XXI Herri Ekimenak. Gogoratu behar da Altza dela hiriko auzo populatuenetako bat eta espazio libre falta nabarmena duena, beste hainbat arazoren artean.
Bestalde, hiri lurzoruan garapen hauek planteatzen ditu aurrerakinak: Oletako sakona (150 etxe, 61 publikoak), Alfe (40/16), GI-20 Intxaurrondo (1.255/753) Errotetazpikoa (60/25), Txingurri (110/68) eta Jolastokieta, Zardoya-Otis gisa ere ezaguna (456/182).
GI-20aren eraldaketa
Ekialdeko Barrutiko auzoetan eragin nabarmena izango lukeen beste jarduketa bat, aurrerakinean jasotzen dena, GI-20 saihesbidearen eraldaketa da; errepide horri autobide izaera kendu eta hiribide bihurtzea da asmoa, laburbilduz. Hainbat arlotan izango luke eragina horrek: etxebizitza berrien eraikuntzan (Intxaurrondon, bereziki, gorago aipatu moduan), jarduera ekonomikoen eremu berriak sortuko lirateke Herrerako Txingurri eremuan eta “lehen mailako konektore berde berria” sortuko litzateke, besteak beste.
Baina, eragin nabarmenena mugikortasun arloan izango luke, aurrerakinak dioenez: GI-40 errepidea sendotu beharko litzateke, Jose Elosegi hiribidea eraldatu beharko litzateke, lotune berriak sortu beharko lirateke (Herrera-Txingurri, Lauaizeta-Artxipi eta Molinao), lotura bertikalak egiteko aukerak sortuko lirateke (Loiola-Intxaurrondo, Oleta, Ermita bidea, Zarategi-Zubiaurre, Mons, Luis Pradera, Kasares, Eskalantegi eta San Antonio), aparkalekuen estrategia berria garatzeko aukera irekiko luke eta zentralitate eremu berriak sortuko lirateke Euskotrenen geltokien inguruetan.
Espazio libreen arloan ere eragin nabarmena izango luke GI-20aren eraldaketak. Baina, horrez gain espazio libre eta naturalei dagokienez, Auditz Akular berdegunean 3.000 etxebizitza eraiki nahi badituzte ere, Ametzagaina-Lauaizeta eremua “birika berde” gisa babestea planteatzen du aurrerakinak, eremuko parkeetako sarbideak hobetzea (Marrus, Molinao, eta abar) eta “ekozubiak” sortzea jasotzen du aurrerakinak, besteak beste. Era berean, Landerro eta Sasoategi eremuetan erreserba lurzoruak sortzea proposatzen du aurrerakinak; Landerron, adibidez, erabilera tertziarioko kalifikazioa kenduko dute, espazio libre gisa uzteko.
Ekipamenduak eta jarduera ekonomikoa
Etxebizitza berriak eraikitzeak bizilagunen kopurua handitzea ekarriko luke, eta egun gabeziak baldin badaude jarduera ekonomikoei eta ekipamenduei dagokienez, are gehiago egongo lirateke arlo horietan esku hartzen ez bada. Horrela, aurrerakinak planteatzen du ekialdeko auzoetan hiri mailako zein auzo mailako ekipamendu berriak sortzea.
Hiri mailako ekipamendu gisa, Merkaderreko kirol gune berria (futbola eta errugbia praktikatzeko) eta Auditz Akularreko etxeekin batera eraikiko lituzketen ekipamenduak planteatzen dira. Auzo mailan, HH-LHrako eta DBHrako ikastetxe berri bana Altzan eta bestelako ekipamenduak planteatzen dira Zarategin, Esnabiden, Altzagainan, Oletan eta Luzuriagan.
Jarduera ekonomikoa sortzeko, “espazio mistoak” sortzearen aldeko apustua egiten du aurrerakinak, jarduera ekonomikoa eta auzo bizitza uztartuko dutenak, alegia. GI-20aren eraldaketak horretarako espazioak sortuko lituzke, eta honako auzo bihotzak indartzearen aldeko apustua egiten du aurrerakinak: Intxaurrondo Zaharra, Sagastieder-Zarategi, Mirakruz gaina, Bidebieta, Azkuene-Gomistegi-Herrera, Larratxo, Altzagaina, Arria eta Eskalantegi.
Azkenik, ondareari eta paisaiari dagokionez, eremu hauek babestearen eta zaintzearen alde egiten du aurrerakinak: hiri giroari dagokionez, Ategorrieta-Intxaurrondoko galtzada zaharra; hiri ehunari dagokionez, Jose Elosegi hiribidearen inguruko “villa” ehuna; hiri multzoei dagokienez, Gaiztarro, Larratxoko villa txikiak, Gaztelu, Luistarrak, Irurak eta Koruko Andre Maria; eta, berdegune gisa, Ulia eta Ametzagaina-Gladys Eneako “atzealde berdea”.