Donostia Kirolak Piztu! programarekin hasiko du ikasturtea
Jarduera fisikoa egiteko zerbitzua da Piztu! programa, ez oso aktiboak diren pertsonei zuzendua. Donostia Kirolak programa honen bidez, pertsona ez aktiboen jarduera fisikoa bultzatzea du helburu, haien osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko. Aurten ere, 110.000 euro inguruko aurrekontua bideratu du Donostia Kirolak-ek.
Osakidetzarekin lankidetza du programak, eta dagoeneko ezarrita dago hiriko osasun zentro guztietan. Prozedurari dagokionez, medikuek eta erizainek jarduera fisikoa egitea komeni dela agintzen diete pazienteei (kirol errezeta bidez), eta Donostia Kirolaren orientatzailearengana bideratzen dituzte, kiroldegietan artatzeaz gain, goizetan osasun zentroetan bertan ere lan egiten baitute. Ondoren, pazientearen jarraipena egiten da hamabi hilabetez, agindutako jarduera fisikoarekiko atxikidura baloratzeko.
“2023-2024 ikasturtean 750 pertsona baino gehiago bideratu ziren lehen hitzordu batera, eta guztira 3.000 pertsona baino gehiago artatu ziren. 2024ko lehen bederatzi hilabeteetan kopuru horiek gainditu egin dira, eta horrek erakusten du programaren etengabeko hazkundea”, azaldu du Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak. Gainerako datuak hauek dira: pertsona horien %70ek kirol jarduera erregularra izatea lortzen dute. %66 emakumeak dira eta 50 urtetik gorakoak %75 dira. Bestalde, patologia ohikoenak dira obesitatea (%30), hipertentsioa (%28), diabetesa (%15) eta artrosia (%12).