Europako bidea ondo hasi du Ibaeta Basketek
Donostiako saskibaloi taldeak Serbiako Izar Gorria hartu du mendean, Gaska kiroldegian (70-64).

Eurocup txapelketari hasiera ona eman dio Ibaeta Basketek. C multzoko lehen partida jokatu zuten atzo, eta Belgradoko Izar Gorriari irabazi zioten (70-64). Amara Berriko Gaska kiroldegian jokaturiko neurketan, talde donostiarrak maila ona eman zuen, nahiz eta azken minutuetan arerioek gehiago estutu.
Lehenengo laurdenean, Azu Muguruzaren taldea ondo aritu zen, eta abantaila polita lortu zuen markagailuan (24-13). Bigarren laurdenak, berriz, protagonista ezkor bat izan zuen. Izan ere, Mbulitok min hartu zuen, eta aulkira joan behar izan zen. Gainera, aurkariak markagailuan bost puntura jarri ziren, baina donostiarrek ondo erreakzionatu zuten. Horrela, atsedenaldira hamabost puntuko aldearekin iritsi ziren (44-29). Hirugarren laurdena ez zen ona izan, eta serbiarrek markagailua estutu zuten (50-41). Azken laurdenean ere Ibaeta Basketek ez zuen galera eten, eta Izar Gorria lau puntura jarri zen. Dena dela, defentsa lana finduta, eta erasoan asmatuta, garaipena ziurtatzea lortu zuten (70-64).