'Itsasample' erakusketarekin, «itsas bizitzaren edertasun ezkutua» erakutsi nahi du Aquariumak
Erakusketa azaroaren 9ra arte bisitatu daiteke, Donostiako ozeanarioko Nautilus aretoan.
Donostiako Aquariuma. Sara Ibarguren Donostiako Aquariumak eta NanoGUNEk, Plentziako Itsas Geltokiarekin elkarlanean, Itsasample erakusketa antolatu dute “itsas bizitzaren edertasun ezkutua” erakusteko. Erakusketak, organismo biologikoen eta hainbat itsas espezieren irudiekin, “giza begiarentzat ezezaguna eta ikusezina den mundu batera hurbiltzea” du helburu, sustatzaileen arabera.
Itsasample erakusketan, irudi mikroskopikoek dute protagonismoa, antolatzaileen arabera, Donostiako Aquariumak emandako laginen ezaugarriak azaltzen baititu. Hala, irudi horien laginetan ikusgai izango dira, esaterako, ezkaten ildoak edo abakandoen pintzen eremuan metatzen diren harizpi ñimiñoak. Horrek, halaber,informazioa eskainiko du itsas bizitzaren inguruan, abakandoen pintzak adibidez, elikagaiak bilatzen eta biltzen laguntzen dieten hartzaile gisa jarduten baitute.
Oksana Yurkevitx ikertzaileak bi bisita berezi egingo ditu urriaren 16an eta 30ean, 18:00etan. Bisita hauek publiko guztientzat izango dira. Era berean, familiei zuzendutako jarduera berezi bat antolatu dute datorren larunbaterako, hilak 19. Jarduera horretan, erakusketaren bisita gidatu labur bat eta eskulan bat egingo dituzte buztinarekin. Bi jardueretan parte hartzeko, aldez aurretiko izen ematea derrigorrezkoa dela adierazi dute antolatzaileek. Horretarako 943 44 00 99 telefono zenbakia eta educacion@aquariumss.com helbide elektronikoa dituzte.

