Luizi bat izan da Zorroagagainan, euria dela eta
Euri zaparradak eta haize ufadak izan dira protagonista azken orduotan. Kirk borraskak azken astinduak eman ditu Donostian, meteorologoek iragarri moduan, baina denboraleak ez du kalte handirik eragin. Edonola ere, udaleko iturriek jakinarazi dutenez, Zorroagagainan luizi bat izan da goizean, Gurutze Gorriaren lur sailaren kanpoaldeko harresia erori baita, euria dela eta.
Abisua jaso bezain laster Udaltzaingoa eta suhiltzaileak bertaratu dira eremura, baita Gurutze Gorriak deitutako arkitekto bat eta beste hainbat udal teknikari ere. Udaletik adierazi duenez, ez da kalte materialik eta pertsonalik egon, baina trafikoa moztu behar izan dute, segurtasuna bermatzeko.
Zorroagagainako gertakariaz gain, udal zerbitzuek hainbat esku hartze egin behar izan dituzte atzo eta gaur artean. Edonola ere, gainerakoak eroritako zuhaitz eta adarrengatik, mugitutako hiri altzairuengatik, edota balantzaka egon ziren semaforoengatik izan dira, batik bat. Haizeak ere kale batzuetako obretako materiala eta hesiak mugitu ditu, baina ez da gertaera larririk egon.
Parkeak itxita
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, alerta laranja bukatu den arren, gaur hiriko parkeek eta berdeguneek itxita jarraituko dute segurtasunagatik: Aiete parkea (sarbidea debekatuta, kultur etxera izan ezik), Gladys Enea (sarbidea debekatuta), Urgull (sarbidea debekatuta, Orixe ikastolara izan ezik), Miramar (sarbidea debekatuta. Loretope eta Mirakontxa arteko ibilbidea irekita), Serafin Baroja (sarbidea debekatuta) eta Oroimenaren parkea (sarbidea debekatuta).
Gainera, Santa Klara uhartera joateko garraio eta bisita zerbitzuak etenda egongo dira.