Plaza Haundiko igogailua geldirik egongo da aste eta erdiz
Donostiako Udalak jakinarazi du matxura bat izan dela Egiako Plaza Haundiko igogailuan, eta, horren ondorioz, ez duela zerbitzurik emango aste eta erdiz. Asteazken arratsaldean matxuratu zen igogailua, beraz, aurreikusi daiteke hilaren 21eko astearen bueltan egongo dela berriz funtzionamenduan.
Udaleko iturriek azaldu dutenez, ura sartu zen igogailuaren sisteman, eta maiztasun erregulagailuarekin arazoak eragin zituen. Horrela, Orona enpresak udalari jakinarazi dio, aste eta erdi beharko dutela erregulagailua konpontzeko —katalogotik kanpo dago egungoa— eta berriro instalatzeko.