'Urari', Nogenen single berria
Kontzertuz eta esperientziaz beteriko uda pasatu du Nogen talde donostiarrak, eta etapa horri amaiera emateko abesti berri bat argitaratu dute: Urari. Taldeak azaldu duenez, jarraitzaileei oparitu nahi izan dien abestia da, baina ez da beste EP edo album baten parte izango.
“Udako usainarekin eta nostalgia puntu batekin, kantu hau energia eta bizitasun uholde bat da. Indar handiarekin, hasieretara itzultzen da, garbienarekin eta intentsitatearekin bat egiten duten soinu horietara, baina gaur egungo soinuak izateari utzi gabe”, azaldu dute taldekideek. Urari abestiaren hitzek “bizitzaren izaera aldakorra” esploratzen dute, urarekin alderatuz: jariakorra, enigmatikoa eta beti mugimenduan.
Finean, abesti berria “ereserki bizizale” gisa deskribatu dute, “atzera begiratzen duen bitartean, aurrera bultzatzen gaituena, sekulako intentsitatez”.

