Aldamar kalea eta Bretxako plaza berritzeko lanak datorren astean hasiko dituzte
San Tomas egunerako Arrandegi eraikinaren ingurua txukuntzea aurreikusten du Donostiako Udalak.
Bretxa eta ingurua berritzeko lanak erritmo onean doazela jakinarazi du prentsaren bidez Donostiako Udaleko Obra eta Proiektuetako Sailak. Gardentasun ariketa falta horretaz harago, hedabide honek argitaratutako informazioa baieztatu du.
Une honetan, Iñigo kalean dabiltza buru-belarri lanean, eta datorren aste hasierarako egiten ari diren hobekuntzekin bukatzea aurreikusten dute. Donostiako Orfeoiaren alboko espaloiak zabaltzen aritu dira, eta, Arrandegi eraikinaren atzealdean hormigoizko zoladura jartzen ari dira. Hori dela eta, datozen bi egunetan itxita egongo da bide hori zamalanetan aritzen diren ibilgailuentzat. Zoladura hori lehortzeko eta egonkortzeko denbora behar dela diote udaleko iturriek.
Ondo bidean, hurrengo asteartean bukatuko dituzte Iñigo kaleko lanak, eta hurrengo egitekoei helduko diete, asteazkenean. Hala nola, Aldamar kaleko eta Bretxako plazako berritze lanak hasiko dituzte. Abenduaren erdialdera bitarte luzatuko direla dio udalak, eta San Tomas egunerako Arrandegi eraikinaren ingurua txukuntzea aurreikusten dute.
Hainbat hobekuntza
Hainbat dira egingo dituzten hobekuntzak. Aldamar kalean, osasun zentrora sartzeko zintarriaren desnibela jaitsiko dute sarbidea errazteko. Horrekin batera, kaleko galtzadaren berrantolaketa egingo dute; errei bakarra eta zentrala egongo da ibilgailuentzat, eta bi alboetan aparkatu ahal izango da. Bestalde, Bretxako plazako obrari hasiera emango diote, baina soilik mutur batean, Arkuak eraikinaren atzean. Hain zuzen ere, baserritarren postuak jarriko dituzten lekuaren zoladura berrituko dituzte.