Salamanca pasealekuko baranda berritzeko milioi bat euro aurreikusi dute
200 metro inguruko baranda bat dago Salamanca pasealekuan, Kursaaleko zubiaren eta Pasealeku Berrira sartzeko harrizko petrilaren artean. Donostiako Udalak aldatzea erabaki du zeharo herdoilduta dagoelako. Horiek horrela, baranda berritzeko proiektua onartu du udalak. 998.240 eurokoa da lizitazio aurrekontua, eta lanak egiteko sei hilabeteko epea ezarri dute.
Baranda birjartzeaz gain, dauden hiri altzariak berrituko dituzte: farolak, baldosak, eserlekuak eta beste. Gainera argiak berriz ere kanalizatu behar dira.
Salamanca pasealekuko barandak Kontxakoaren babes maila bera dauka, eta horrela dago jasota Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian.