Enarak, euskal musika modernoaren aitzindari ahaztua
Euskara hutsezko lehen pop-rock banda, Benito Lertxundiren gitarra elektrikoa, Arantxa Gurmendi eta minigonak, Ez Dok Amairurekin saltsa, Perturren gitarra Jaime Stinusentzat, eta Larraitzeko jaialdi desastrea (akelarre, orgia eta opio kontsumo salaketak barne). Frankismoko azken urteetan bizi-bizi zegoen giro kulturala Donostian. Eta horien artean, talde bat: Enarak.
1960ko hamarkada. Iraultza kulturala mundu osoan: minigonak, rock musika, psikodelia, sexu askapena, feminismoa, langile eta ikasle grebak… Gori-gori zegoen giroa, eta akaso nahi zen guztia aldatu ez bazen ere, izan ziren atzera ezinezko iraultzak.
Baina Euskal Herrian gauzak ez ziren horrela. Tira, zehazkiago esateko: Hego Euskal Herrian ez ziren horrela. Frankismo betean, diktadurak euskara ere debekatua zuen, eta festak, egitekotan, klandestinoak ziren. Giroa itogarria zen, eta airerik ezin zen hartu inon. Edo akaso bai, baziren zirrikituak?
Enaraken dokumentala
Beñat Iturrioz zinemagile eta musikaria Enarak pop-rock talde aitzindariaren dokumentala amaitzen ari da. Prozesu honetan, gainera, Enaraken lehen diskoa berrargitaratu du aste honetan Elkar argitaletxearekin, taldearen hiru bertsio egin dituzten Amoranteren, Rüdigerren eta Liherren ekarpenarekin.
Baina zergatik Enaraki buruzko dokumentala? Erantzunak ondo pentsatzen ditu Iturriozek: «Historia liburuetara esanguratsuenak diren pasarteak pasatzen dira, baina hori gertatzeko haien aletxoa jartzen dutenak ez dira pasatzen». Inurri lan hori erakustea garrantzitsua da: «Herrigintza denok egiten dugu, eta egunerokotasuneko gauzak eginez gertatzen dira gertaera handiak».
Bada, noski, beste arrazoi on bat: taldearen sortzaile Jon Iturrioz aita duela, alegia. «Nerabe izatetik zahar izaterako 20 urteko fase horretan, hainbat proiektu eta bizipen ditugu, geure bizitzetako proiektu interesgarrienak direnak, askotan. Baina seme-alabak badituzu, ez duzu inoiz kointziditzen denbora horretan, eta gurasoen hondarrak baizik ez dituzu ezagutzen. Dokumental hau bada neure gaztaroko aita hori ezagutzeko modu bat», azaldu du.
Apaizgaiak rockera
Enarak taldea 1967 inguruan hasi zen batzen, Donostiako seminarioan. Apaiz bidea hartuta zuten gazteek, normalean, hori zelako ikasketak edukitzeko bide bakarra langile familientzat. Bertan batu ziren Antonio Lopez, Meltxor Maritxalar, Jon Iturrioz eta Josetxo Iñurrieta, eta haien benetako zaletasunari eman zioten bide: musika modernoari. Udara amaitzean, laukote izatetik boskote izatera pasatu ziren: Jesus Calvete donostiarra sartu zen baterian.
Lau urtez, ehunka kontzertu egin zituzten, kantu tradizionalak pop-rock estiloan jorratuz, lau orduko kontzertuetan, «berbena estiloan». Kontzertura joaten zen jendearen aldetik harrera ona zuten, baina inguruan izandakoa «ez dago hain argi», Iturriozen ustetan: «Seminaristak ziren hauek, eta apaizgai batzuk, derrepente rock munduan… Esaten dute, ‘etxean ondo’, baina nik susmoa daukat horren ondo ezetz».
Garai hartan, euskal kultura erabat debekatuta eta zokoratuta zegoen arren, era berean, pizkunde bat bizitzen ari zen Euskal Herria, abertzaletasunari lotutakoa, eta frankismoaren kontrakoa. Pizkunde hori guztia Ez Dok Amairun kristalizatu zen, baina izan ziren besterik.
Urretxindorrak, Ameslariak, Jose Antonio Villar, Bihurriak, Daikiris… Asko izan ziren euskal musika modernoa jorratu zuten taldeak. Euskal kantagintza berriaren aitzindari gisa kokatzen da Mixel Labeguerie, haren bidea jarraitu zutelako Laboak eta. Labegueriek, ordea, izan zuen ere aitzindaririk: Sosoa laukotea. Robles-Arangiz anaiek sortu zuten Bilbon —azkar batean Lapurdira erbesteratu behar izan bazuten ere—, eta gitarraren laguntzaz, harmonia modernoak gehitu zizkieten 1958tik aurrera euskal kantu tradizionalei.
Benitoren gitarra
Ez Dok Amairuren iruditeriaz harago, gitarra elektrikoak presentzia handia zuen euskal kantagintza berriaren inguruan. Benito Lertxundi bera The Beatles taldearen bertsioak egiten hasi zen, eta ez hori soilik: bere gitarra saldu zien Enarakekoei.
«Enarakekoak Ez Dok Amairukoak baino gaztexeagoak ziren, eta aldi berean, periferia horretan zebiltzan, bazterrean, bestelakoak egiten: pop, rock, ye-ye,… rock ingeles eta amerikarrarengandik edanez», azaldu du Iturriozek.
Horrelako talde asko zeuden Euskal Herrian. Asko gazteleraz abesten, baina baziren ingelesa, gaztelera eta euskara nahasten zutenak ere. Ordea, Enarakek badu berezitasun bat: «Enarak izan zen —beraiek hala diote behintzat— euskara hutsean kantatzen zuten lehenak». Baina baziren gehiago, eta Donostian bazen beste talde aitzindari bat: Biurriak.
Biurriak, ye-yea eta minigonak
Biurriak oso apurtzailea zen. «Gitarra akustikoa jotzea gaizki ikusia zegoen garaian —gitarra instrumentu espainiarra zelakoan eta abar—, hori gutxi ez, eta Biurriak taldean Gurmendi ahizpak minigonarekin, frontwoman gisa. Uste dut ez dela balioan jarri Biurriakek egin zuena».
Iaz zendu zen Arantxa Gurmendi aktore eta Biurriakeko abeslariak kontatu zuenez, Ez Dok Amairuren lehen bileretan izan ziren: «Ez ginen oso ados erabiltzen zen filosofiarekin, nahiko kritikoak ginen, eta porlibre ibiltzea erabaki genuen».
Look aldetik «berexiak» zirela oroitzen zuen Gurmendik: «Pila bat kritikatzen gintuzten. Gauza bat berria denean, jendea ohituta ez dagoenean… buf! Gordeta ditut kritika batzuk: ‘euskal sena hausten’… Gu ginen errudunak, desastre bat etorriko zen euskararen erabilpen aldetik». Bi neska aritzen ziren dantzari gisa, garaian berria zen plataforma ezberdinetara igotzen. Honela laburtzen zuen Gurmendik: «Bi bloke zeuden, argi eta garbi: eta gazteak gure alde zeuden». 2010ean egindako elkarrizketa batean oroitzen du nola, oraindik, fanak izandakoek agurtzen zuten kaletik.
Herri Gogoa eta salestarrak Motown estiloan
Euskal kantagintzaren pizkunde honek izan zuen atzean euskarririk. Lehenik, Xoxoaren gisako argitaletxeak egon ziren arren, euskal kulturgintza modernoaren zutabe bat izatera heldu zen Herri Gogoa diskoetxe donostiarra. Iñaki Beobidek sortu zuen, hamaika mezenasen laguntzarekin —Paco Miangolarrarena, batez ere—, eta haren emazte Axen Egañarekin batera kudeatu zuen 1981era arte.
1967an, Urnietako salestarren aretoa estudio bihurtu, eta bertan egin zituzten lehen grabazioak. Jaume Gratacos teknikaria Bartzelonatik etorri zen, beraien ekipoarekin grabazioak egiteko: hamar egunez, etenik gabe aritu ziren grabaketak egiten, Motown AEBetako diskoetxe mitikoak egiten zuen eran. Bertan grabatu zituzten Julen Lekuona, Benito Lertxundi, Oskarbi taldea, Artze anaiak eta Enarak taldearen lehen eta azken lana ere.
Gerora, Herri Gogoak Groseko etxebizitza bat intsonorizatu, eta bertan jarri zuen estudioa. Ez Dok Amairuren parean egin zuen ibilbidea, baina ez dira talde bera. Edonola, Herri Gogoaren aipagarriena jorratutako ikuspegia izan zen: tradizio musika, euskal kantagintza berria eta esperimentazioa izan zituen ardatz, argitaratutako 200 aleetan.
1981ean amaitu zen Herri Gogoa, Artezi diskoetxera bideratu zuten materiala eta Elkarrek eskuratu zuen material guztia. Orain gutxi hasi da Elkar bildumazaleentzat altxorrak diren lanak berrargitaratzen —100 eurotik 500era ordain daitezke sasoiko lanengatik, Interneten—.
Stinus, Pertur eta galdutako diskoa
Benitoren gitarra elektrikoaz gain, bada beste istorio bat Enaraken ibilbidean: «Gerora oso ezagun egin zen Jaime Stinus musikaria, taldera sartu zen, gazte-gaztea zela. Bada, bere gitarra Perturrena zen!», azaldu du Iturriozek. Eduardo Moreno Bergaretxe, ezagunagoa Pertur goitizenez, ETA (pm)-ko buruetako bat izan zen gerora, eta desagertua edo eraila izan zen 1976an. Lehendik, ordea, hiriko musika taldeetan ibili zen: 1969ra arte Los Amis taldean izan zen eta gero, 1970ean, Gorka Knorrekin ibili zen. Bi tarte horietan, hilabete batzuez Enarakekin ibili zen, eta berak eman zion Jaime Stinusi haren lehen gitarra.
Edonola ere, Stinus sartzearekin batera, taldea eraldatu zen: «Birtuoso bat zen Stinus, eta rock progresibora egin zuten salto». 1970ean, Nicolas Aldai Herri Irratiko kazetariak proposamena egin zien diskoa grabatzeko, eta «nahiko txukuna zen soinua» lortu zuten. Garrantzitsuena, baina, eraldaketa izan zen.
Gauzak zer diren, ordea. Herri Irratiko artxiboan sute bat izan zen urteetara, eta Enaraken bigarren diskoaren kopia bakarra bertan galdu zen behin betirako. Dokumental honek, beraz, zinematik ateratzeko funtzioa ere badu: «Enaraken bigarren diskoa posible egitea, besteak beste».
«Woodstock bat Euskal Herrian»
Enaraken azkenetako kontzertua zela eta, zerbait handia egin nahi zuten. Eta haiena izan zen Larraitzeko kontzertu famatua egiteko ideia eta ardura. Bestelako jaialdiak egin ziren lehendik, gehienak, folk kutxukoak. Enarakekoek, ordea, beste zerbait zuten buruan: Woodstock bat Euskal Herrian. Mikel Laboa, Artze anaiak, Benito Lertxundi, Amaya… izugarria zen kartela.
«Eskuetatik joan zitzaien, ordea». 200 lagunentzako kontzertu bat egin nahi zuten, eta 3.000 edo 5.000 lagun izan ziren bertan, Euskal Herri osotik etorriak. «Jende pila bat izan zen: auto ilarak, saturazioa, tabernetan dena agortuta… Kontzertuko argindarra tabernatik hartzen zuten, eta kalanbreak zituzten musikariek, argiak belar meten gainean… dena gaizki, baina denak gogotsu», kontatzen du Iturriozek.
Baliabiderik gabeko kontzertu bat eta «erabat gaindituta». Gutxi balitz, hotz izugarria egiten omen zuen, eta behe lainoa, eta «desastre» hitza non nahi. Artzek gogoratzen zuenez, tabernatik argindarra hartuta zegoenez, kafetera pizten zen bakoitzean kontzertua eten egin behar izaten zen.
Kontua da hurrengo egunetan hainbat idatzi izan zirela prentsan, besteak beste, «akelarre» bat egon zela salatuz: «Orgia bat izan zela, jendea opioa eta bestelako drogak kontsumitzen aritu zela… Jesukristoren festa izan zela». Iturriozen argi du: «Han egon zen jendeari galdetuta, han ez zen ezer egon; hotza eta askoz gehiago ez».
Ez zen berebiziko arazorik izan antolatzaileentzat, isunen bat, baina ez askoz gehiago. Erregimenaren prentsan, ordea, sekulakoa muntatu zen: «Prentsak pagaburu gisa erabili zuen, euskal kulturaren eta gazteen inguruan sortzen ari zen mugimendu hori apurtzeko. Ez Dok Amairu ere jomugan zuten, eta hainbesteko iskanbila sortu zenez, hortik aurrera Nafarroan ez zieten jotzen utzi. Ez Dok Amairu, hilabete batzuetara desagertu zen, eta honek eragina izan zuen, noski».
Enaraken amaiera
Larraitzekoaren ondoren, soldaduskara joatea egokitu zitzaien Enarakeko kideei, eta honela, besterik gabe, amaitu zen haien bidea. Honela laburtu du Iturriozek: «Stinusek Brakaman sortu zuen ostean, aita korutan ibili izan da kantu gregorianoekin, Kitxiri [Jose Iñurrita] Villabonako elizako organoa jotzen uzten diote tarteka, eta Antton Turkian bizi da eta islamera bihurtu denetik ez du musikarik egiten».
Garaiko egoeraren balorazio hau egiten du Iturriozek: «Gazteak ziren gehiengoak, eta gazteek mobida nahi dute: gauza fresko eta eferbeszenteen egarri zeuden. Aldi berean, Ez Dok Amairukoak mezu politiko, errebindikatibo eta iraultzaileekin ari ziren; eta horrek ere abertzaletasunaren gorakadarekin bat egiten du. Batzuk euskaltzaletasunetik edo abertzaletasunetik, besteak, modernotik, besteak gazteak direlako… Guztien baturak ekarri zuen leherketa».
2021ean, Apaiz Kartzela ikustera joan ziren Iturrioz aita-semeak eta garai hartan ea giro politikoan sartuta ote zegoen galdetuta, aitak ezetz erantzun: «Ez, ni konjuntoan nenbilen». Iturriozek beste buelta bat ematen du: «Musika egite horri ez zioten balio politikoa ematen, baina, haiek nahi izan ala ez, bazen iraultzailea: euskara entzun nahi zutenentzat sortzen ari ziren, eta kultura, jada bada erresistentzia bat, are gehiago diktadura batean».
Ez Dok Amairuren amaiera
Larraitzekoak izan zuen eraginik Ez Dok Amairuren amaieran, baina, gutxitan onartzen den arren, arrazoi politikoak zituen oinarri-oinarrian. Batzuen ustez, abertzaletasunaren bozgorailu izan behar zuten artistek, besteen ustez, independentzia bermatu behar zen, eta ikuspegi artistikoa gailendu, horregatik ildo politikoa galdu gabe. Bi ikuskizun atera ziren, beraz, zatiketa horretatik: Zazpiribai eta Ikimilikiliklik. Lehenengoan, Jose Angel Irigarai, Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi eta Pantxoa eta Peio izan ziren, besteak beste. Bigarrenean, Mikel Laboa, Artze anaiak, Jose Mari Zabala eta Zumeta, besteak beste. Bi ildo horien arteko etsaitasunik egon ez zen arren, bistakoa da artisten arteko norabideek bestelako bideak hartu zituztela, eta, batez ere, desberdin kontatu dutela han gertatutakoa.
Euskal kulturaren transmisio arazoa memoria eta genealogia arazoa da, finean. Euskal musikaren historia azkar batek Iparragirre aipatzen du, trikitia ondoren, Mauriziaren aipamen bereziarekin. Ondoren, basamortua eta berpizkundea Ez Dok Amairurekin, eta hortik, kasik zuzenean, Euskal Rock Erradikelara, eta ostean, horren hondarrak gaur arte. Atzera begiratuta, ordea, oso bestelakoa zaigu gure tradizio aberatsa: 1960ko hamarkadan ye-ye musika, progresiboa 1970ekoan, elektronika esperimentala 1980koan, undergrounda 1990ekoan, hip-hopa 2000koan eta abar luze bat. Ildo nagusietatik adar aberatsak ditugu, entzuten eta begiratzen ikasten badugu. Ostantzean, belaunaldi guztiak arituko dira demostratuz baietz, posible dela euskaraz garaikide izatea. Berdin Sosoa, Biurriak, Errobi, Itoiz, Kortatu, Su Ta Gar, Selektah Kolektiboa, Nizuri Tazuneri, J Martina eta beste hamaika.
Eta katebegi galduak berreskuratzeko, hor dago, orain berriro ezagutzeko aukera dugun Enarak taldea. Ez zuten iraultzarik egin, baina urratu zuten bidea. Iturriozek hala dio: «Ez dakit Euskal kulturaren historian berebiziko garrantzia ba ote duten. Baina aletxoa jarri zutela, dudarik ez».