«Jokalari guztiak bat eginda gaude; talde sendoa osatu dugu»
Denboraldi hasiera txukuna egin du Realeko belar hockey taldeak. Jone Alba Antoñana (Antigua, 2003) lehen taldeko hamabost jokalarietako bat da, eta oso gustura dago ematen ari diren mailarekin.
Denboraldia sentipen onekin hasi zenuten, eta pasa den jardunaldian Sardinero hartu zenuten mendean. Gustura momentuz ematen ari zareten mailarekin?
Bai, nahiz eta jokatu ditugun partida batzuekin irudipen gazi-gozoa izan. Irabazi nahi genituen partidak galdu ditugu, eta gure erronka arerio zailei ere aurre egitea da. Esaterako, Juniorren kontra jokatuko dugun partida ez da batere erraza izango, baina irabaztea oso garrantzitsua izango litzateke.
Bost partida jokatuta, hiru irabazi eta bi galdu dituzue. Balantze ona iruditzen zaizu?
Bai, noski, baina ez gara erraz konformatzen. Horrela ere, egia da denboraldi hasiera ona egin dugula.
Irabazitako neurketan zeintzuk izan dira zure ustez gakoak garaipena lortzeko?
Taldearen kohesioa izan da erabakigarriena. Jokalari guztiak bat eginda gaude; talde sendoa osatu dugu. Egia esan, gure arteko laguntasunari esker lortu ditugu emaitza onak. Hori mantentzea da gure helburua, garaipenak lortzeko erabakigarria izango delako.
Aldiz, galdutako partidetan, zeintzuk izan dira akatsak?
Partida batzuk ez ditugu behar bezala kudeatu, momentu bakoitzean egin beharreko jokoarekin ez dugulako asmatu. Normala den moduan, irabaztea da gure helburu bakarra, eta zertxobait itsutzen gara. Lehen laurdenetik markagailuan aurretik jartzeko nahi horrek ez digu asko lagundu, eta neurketen tempoekin jokatzen ikasi behar dugu. Izan ere, partida bat azken bost minutuetan irabaz daiteke.
Iaztik hona, taldeak koxka bat gora egin duela uste duzu?
Bai, zalantzarik gabe. Egia da jokalari garrantzitsu batzuk joan direla taldetik, baina kalitatezko fitxaketak egin ditu klubak. Nereba Belzunegiren eta Ane Segurolaren hutsunea konpentsatzea lortu dute, nahiz eta oso zaila den aldagelan zuten garrantzia ordezkatzea.
Zergatik?
Biak oso garrantzitsuak zirelako. Belzunegik hamabi urte zeramatzan lehen taldean, eta Segurolak zortzi. Realari asko eman zioten biek, eta haien falta nabaritzen da.
Aipaturiko hiru fitxaketak dira Eugenia Trinchinetti eta Sofia Toccalino argentinarrak, eta Sara Puglisi italiarra.
Beste maila batekoak dira. Bi argentinarrek Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuten, eta oso ondo aritu ziren. Italiarrak ere taldearen kalitatea hobetu du. Hiruen ekarpena emaitzetan nabari da.
Zer moduz egokitu dira taldearen dinamikara?
Talde irekia garela uste dut, eta, beraz, lehen egunetik harrera ona egin diegu. Ondorioz, erraz sartu dira talde dinamikan, eta beraiekin batera taldea egonkortzea lortu dugu. Batez ere, zelaian ikusi ahal izan da ondo baino hobeto egokitu direla, eta haien joko erak asko lagundu gaituela. Bestalde, Lara Pampin taldekidea lehenagotik ezagutzen zuten batzuek, eta hori ere lagungarria izan da.
«Jokalari berriekin joko bertikalagoa egiten ari gara, eta defentsako lanarekin orekatzea da gure helburua»
Gaztea izanik, horrelako jokalarien alboan jokatzea aberasgarria da zuretzat?
Erabat. Jokalari garrantzitsuekin aritzeko aukera izan dut Realean nagoenetik. Adibidez, Maider Altuna hernaniarrarekin. Etorri diren hiru jokalari berriekin ere asko ikasiko dudala uste dut. Batez ere, beraien hockey mota Donostian lantzen eta jokatzen dugunaren oso desberdina delako.
Nolakoa da hemengoa, eta zertan da desberdina jokalari berriena?
Belar hockeya hainbat modutara jokatzen da. Argentinakoa askoz ere bertikalagoa da, zuzena eta erasokorra. Realaren estiloa, berriz, bestelakoa da. Defentsa lanari garrantzi handiagoa ematen diogu, atzean sendo jarrita ziurtatzeko garaipenak. Halere, jokalari berriekin joko bertikalagoa egiten ari gara, eta defentsako lanarekin orekatzea da gure helburua.
Emakumezkoen ligan hamabi talde zaudete. Zeintzuk dira Realaren denboraldiko helburuak?
Hiru dira. Lehena, koparako sailkatzea, eta, horretarako, zortzi onenen artean geratu behar gara. Bigarrena, ligan gol gutxien jasotzen dituen taldea izatea, eta partida jakin batzuk irabaztea. Hirugarrena eta azkena, ligako titulurako lauko finalerako sailkatzea. Errealistak izan behar gara, eta badakigu helburu hori betetzea zaila izango dela, baina ez da ezinezkoa.
Une honetan, bosgarren tokian zaudete sailkapenean. Helburuak ez dirudite horren urrun. Zure ustez, zeintzuk dira ligako arerio zailenak, eta zuek gainditu beharrekoak?
Madrilgo Club de Campo da indartsuena. Normalean, dena irabazten dute, maila oneko jokalari internazionalak dituztelako. Halere, gure kontra uste baino gehiago sufritzen dute. Gainerako arerioei dagokienez, ez nuke besterik aipatuko, horien pare sentitzen garelako, eta beraiek menderatzeko gaitasuna dugulako.