Kalean da jada Marte Lasarteren 'Ez da besterik' debut diskoa
Hiru aurrerapenen ondoren, kalean da jada Marte Lasarteren debut lana: Ez da besterik (Balaunka, 2024). Marte Lasarte Borja Anton eta Pello Armendariz batzetik sortutako proiektua da. Skakeitan proiektua hamabost urtez partekatu ondoren, 2023an berriz ere indarrak batu zituzten euren lehen bilduma idazten hasteko. Proiektura bi kide berriren iritsiera ere izan zuten: Lore Nekane Billelabeitia (Belako) eta Alex Alonso (Skakeitan, ETS, Tierra Santa, La Oreja De Van Gogh, Gari,…).
Ez da besterik-ek egunerokoan ematen diren argazki kontraesankorrak adieraztea du helburu: “Maitasuna, desplazamenduak, denboraren martxa, heriotza, gezurra, lana eta, oro har, gure arteko harreman moldeak dira lan honetan hizpide”.
Musikak melodia itsaskor eta soinu gordinen arteko oreka bilatzen du, “aurretik izandako joera eta klixe batzuekin apurtu nahian”. Taldeak berak onartzen duenez, “zaila” egiten zaie abestiak estilo bakar batean sailkatzea, “pista bakoitzak bere nortasun propioa baitauka”.Estilo aldetik nahasketa aberatsa proposatzen du beraz lanak: post-punk, drum’n’bass, dark pop, pop-rock, fuzz-punk, indie-pop, new-wave, elektronika…
Marte Lasarte ez da bakarrik aritu eta lan honetan beraien oso gertuko zenbait musikariren parte-hartzea izan dute. Besteak beste, Juanjo Berasain (Ezpalak) eta Sara Zozayaren kolaborazioak aurkitu daitezke Anek ezagutzen zaitu eta Hileta abestietan. Aitor Valcarlos eta Jonathan Quiñonesek haize sekzioa osatu dute Hileta eta Grabitaterik gabe abestietan. Basamortua abestian Olatz Salvadorren koroak izan dituzte. Bukatzeko, Maria Bustos eta Enekoitz Martinezek Hileta abestiko sokak grabatu dituzte.
Lan hau aurkezteko, taldeak, duela aste batzuk, beraien lehenengo kontzertuen kartela publikatu zuen. Alcala Norte talde Madrildarrarekin batera arituko dira lehenengo data hauetan (Madril, Donostia, Iruña, Gasteiz eta Logroño). Donostian azaroaren 30ean arituko dira, Dabadaba aretoan.