Giro paregabean ospatu dute Amara Berriko eguna
Laugarren urtez, auzoko eragileak bultzatu ditu Amara Berrik.
Amara Berrin jaiak ez du etenik. Iragan asteburuan ospatu zituzten Super Xagu jaiak, eta astebete beranduago izan dute auzokideek berriz elkartzeko aukera. Amara Berriko auzo mahaiak antolatuta, Amara Berriko eguna ospatu dute auzoko askotariko eragileekin, haur eta gaztetxoentzako ekitaldiez gozatu eta auzoko komunitatea indartu dadin.
Puzgarriak eta haurrentzako jolasez gain, musika jana eta edana ez dira faltatu goiz osoan zehar. Egitarauari 10:30etan eman diote hasiera, Armeria plazan. Aurkezpena egin ostean, askotariko taldeak pasa dira oholtzatik: txalaparta saioa, Goratzar abesbatza, Biurrun musika eskola, Pablo Zurutuza abeslaria, Bambu Dance dantza akademiako ikasleak, Mongoliako musikari eta dantzariak, Tai Chi erakustaldia egin duten kideak, Tor magoa eta Amara Berriko euskal dantza taldea.
Jarraian dituzue goizeko argazkiak:
Auzo Mahaiaren egitasmoa
Ekimena lehen aldiz 2021 urtean antolatu zen, Amara Berriko Auzo Mahaiaren bilera batetik abiatuta. Hain zuzen, auzoko elkarte eta erakundeek, beren jarduera-eremutik haratago, hausnarketak partekatzen dituzte 2020an sortutako plataforman, proiektuak diseinatu eta elkarrekin esparru soziokulturalaren aniztasunaren alde lan egiteko. Honako elkarte hauek osatzen dute taldea: Amara Berriko Auzo Elkartea, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa, ARCCO, Ikasbide Elkartea, Chernobyl Elkartea, Urrats euskaltegia, Gobernu Zibila Kultur Etxe Plataforma, Easo Politeknikoa, Amara Berri ikastetxeko Guraso Elkartea eta Donostiako Udala.