Brontzea gertu izan dute
Oihane eta Leire Otaegi, Mikel Unanue eta Sergio Vez, Eskozian. Oihane eta Leire Otaegik, Mikel Unanuek eta Sergio Vezek brontzea gertu izan dute Aberdeenen (Eskozia) jokaturiko Munduko Curling Txapelketa Mistoan. Suitzaren kontra 4-2 galdu ondoren, laugarren postuarekin konformatu behar izan dira. Taldeko hiru dira donostiarrak, eta Txuri Berri Curling taldekoak: Otaegi bikiak eta Unanue. Aldiz, Vez Basaurikoa da.
Asteburuan jokaturiko txapelketan, maila onean aritu ziren. C multzoan aritu ziren lehian, eta soilik partida bat galdu zuten, AEBen kontrakoa (1-6). Gainerako guztiak irabazi zituzten: Brasilen aurka 10-3, Taiwanen kontra 9-2, Hong Kongen aurka 7-2, Errumaniaren kontra 9-1, Eskoziaren aurka 6-5 eta Eslovakiaren kontra 7-3.
Kanporaketa fasean, 8-6 irabazi zioten Italiari final zortzirenetan, eta 5-3 Norvegiari final-laurdenetan. Hala ere, Japoniak Munduko Txapelketa Mistoan jarraian jokatuko zuten bigarren finaletik aldendu zituen finalerdietan, bere aurka 4-9 galdu baitzuten. Brontzearen lehian, Suitzak 4-2 irabazi zuen azken bi endetan erabakitako neurketa parekatu baten ostean. Hain zuzen ere, Suediak lortu zuen titulua, finalean 5-4 irabazita Japoniari.


