Sindikatuek Palestinarekin bat egin dute, genozidioa amaitzeko eskatuz

Euskal Herriko sindikatu nagusiek elkarretaratze bateratua egin dute gaur eguerdian Hego Euskal Herriko hiriburuetan Palestinaren alde eta gerraren kontra. ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT-LKN, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek egin dute, hain zuzen, elkarretaratzea.
Salatu dute “eskalada belikoa” abiatu duela Israelek, Gazan hasita, lurralde palestinar guztietara zabalduz: “Palestina, Estatu Batuek, Europar Batasunak eta nazioarteko komunitatearen zati handi batek emandako inpunitatearekin benetako genozidioa pairatzen ari da Israelen eskutik”.
Palestinar herriaren aurkako “erabateko gerra” honek, 42.000 palestinar baino gehiago erail dituela gogorarazi dute, “horietatik gehienak haurrak direlarik”. Sindikatuek salatu dutenez, “Jerusalem eta Zisjordaniako palestinarren aurkako bortizkeria nahiz Israelen gerra krimenak etengabeak izaten ari dira, eta genozidio hau mundu osoa zuzenean ikusten ari da”.