Hiriko merkataritza guneak apainduko dituzte
Donostia Sustapenak bultzatu eta San Sebastian Shops-ek kudeatzen duen Open Dendak egitasmoak “zur eta lur” utziko ditu donostiarrak eta bisitariak. 2025eko urtarrilaren 7ra arte, hiriko hainbat auzotako gune batzuetan apaingarri bereziak egongo dira, merkataritza dinamizatzeko.
Proiektu honen helburu nagusia erosketa ibilbide bereziak, atseginak eta erakargarriak sortzea da, tokiko negozioen jarduera bultzatzeko eta hiriko merkataritza gune ezberdinak bisitatzen dituztenen esperientzia hobetzeko, kaleen lore apainketaren bidez. Horrela, merkataritza gune irekiaren sentsazioa transmititzea lortuko da.
“Donostiarrek eta bisitariek apaindutako hiri bat aurkituko dute eta bertan, apaingarri ezberdinez jantzitako zuhaitzak nabarmenduko dira, habiak, txoriak, saskiak, zapiak edo egurrezko ebakizko elementuez osturiko elementuekin… Guztiak elementu natural eta errespetuzkoekin eginak”, azaldu du Ekonomia zinegotzi Ane Oiarbidek.
Garaian garaikoa
Azaroaren 27ra bitarte, saltokiak udazkeneko osagaiekin apainduko dituzte. Gainera, urriaren 30etk azaroaren 5era arte, Gau Beltzarekin loturiko dekorazio berezia izango dute. Azkenik, azaroaren 27tik urtarrilaren 7ra bitarte, Gabonetako apaingarriak jarriko dituzte.
Auzoka egingo diren jarduerak gune hauetan izango dira: Groseko San Frantzisko kalean, Egiako Iruresoro plazan, Antiguako Bentaberri plazan, Amara Berriko Isabel II.aren hiribidean, eta Altzako Larratxo pasealekuan.
Parte Zaharrean, berriz, azaroaren 4an hasiko da dinamizazio komertziala; horretarako, atxikitako saltegietako erakusleihoak Zaindu maite duzun hori leloa duten binilo batzuez apainduko dira. Era berean, tokiko artisten aldi baterako apaingarriak izango ditugu erakusleihoetan. Horrez gain, balkoietan eta auzoko sarrera eta irteeretan olanak jarriko dira, auzoaren identitate turistiko eta komertziala mantentzeko mezua zabaltzen duten leloekin: Familia bat gara, Kulturaz blai eta Eskerrik asko etortzeagatik, besteak beste.