Lorategi Hiriko lursail publiko bat saltzeko lehiaketa abiatu du udalak
Aurrera doaz Loiolako Lorategi Hiriko lanak. Etxebizitza asko ari dira eraikitzen eremuan, eta beste hainbat daude aurreikusita. Hain zuzen ere, Donostiako Udalak beste bi lur zatiren inguruko xehetasunak eman ditu.
Batetik, udal jabetzako a.30.6 lur zatia lehiaketa publiko bidez saltzeko baldintza agiria onartu dute. Etxebizitzak, bulegoak eta komertzioak eraiki ahal izango dira 2.000 metroko azalera duen lursailean. Sestra gaineko eraikigarritasuna 2.482 metro koadrokoa da, eta erabilera tertziarioa 3.592 metro koadrokoa. Lursailaren gutxieneko prezioa 4.036.186 eurokoa da.
Bestetik, a.30.1 lurzatian hamar etxebizitza eta lokalak eraikitzeko lizentzia eman diote Britac Proyectos SL enpresari.