KASek adierazi du afari solidarioekin jarraituko dutela
Prentsaurreko jendetsua egin du KASek, aste honetako bi erasoak salatzeko. Lehenengo, astelehenean egindako elkarretaratzearen kontra, eta bigarrenik, udalak Egian jarritako debekuaren kontra. Eta argi adierazi dute: “Kaleko afari solidarioekin jarraituko dugu, ez baita segurtasuna ezbaian jartzen duen ekintza, baizik eta pertsonen elikadura segurtasuna elkartasunaren bidetik bermatzen duena”.
Gaurtik aurrera, Egian banaketa egitea debekatuta du KASek, Donostiako Udal Gobernuak hala erabakita. Martin Ibabe Hiri Segurtasun zinegotziak esan duenez, delinkuentziaren igoerarekin lotzen dute afariak debekatzea. Ordea, ez du harreman zuzenik eman, afarien orduen, erabiltzaileen eta delinkuentzia datuen artean.
Kriminalizazioa
Azken hilabeteotan izandako kriminalizazioa salatu dute KASeko kideek: “Loquenotecuentandedonosti Telegram kanalean, aspaldi batetik ona, KASkideak seinalatu, KASkideak iraindu, KAS kriminalizatu, KASkideak mehatxatu, KAS jasotzaileak jipoitu eta pareko ekintza mezuak sustatu eta egikaritzen ditu”. Hedabide honek jakin duenez, abuztuan, afariak jasotzen zituen gazte bat hiru bider jipoitu zuten, afariak jaso eta berak lo egiten zuen kanpin dendarako bidean. Beldurragatik ez salatzea erabaki zuten orduan.
KAS eta delinkuentzia lotzen dituen zurrumurrua Alderdi Popularrak haizatu zuen, Egiako buzoietan propaganda egiterakoan. Bertan aipatzen ziren Poliziaren esku hartzeak handitzea eta afari solidarioak debekatzea. Udalak ezezkoa eman zion udalbatzan. Orain, ordea, aldebakarrez, eta udalbatzan eztabaidatzeko aukerarik gabe, udal gobernuak erabaki du Egian debekua ezartzea.
Astelehenean izandako liskarraren harira, KASek argi eta garbi adierazi du ez zuela liskar horiekin zerikusirik, eta ez zuela inolako kontra manifestaziorik antolatu. Bertan izan zirenekiko irainak “arbuiatzen” dituela adierazi dute. Edonola ere, gaitzetsi egin dute elkarretaratzeak ez zuela baimenik, eta Ertzaintzak, bertan egon arren, “ez zuela desegin, baizik eta baimendu”.
Udalaren alternatibak ez dira nahikoak
Udaltzaingoak afari solidarioak jasotzen dituzten erabiltzeei zerbitzu sozialen gida bat eskaini zien bart. KASeko kideen salaketak ez du oso leku onean uztean udala: Amarako Caritasen eta Erdialdeko Jatorkinen aurrez eman behar da izena, eta jada beteta daude; Arrats-Hestian ez dute janari berorik ematen; eta beste bi guneak Kaleko Afari Solidarioen guneak dira. Salatu dutenez, boluntarioen lana erabiltzen dute gizarte zerbitzuek.
KAS, 2020az geroztik “lauzpabost alditan” elkartu da Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun eta teknikariekin. Aldi guzti horietan kale egoeran dauden pertsonentzako “soluzio integral” bat eskatu du, eta, espezifikoki, “giza eskubidea den elikadura eskubidea bermatzea”. “KASek elikadura eskubidea betetzeko jantoki sozial baten soluzioa exijitu du”, gaineratu dute. Salatu dutenez, ordea, udalak ez du “aldarrikapen bat bera ere aintzat hartu”.