Prentsaurrekoa egingo du KASek arratsaldean, udalak Egian afariak banatzea debekatu ostean
Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek Plaza Berrian egindako prentsaurreko bat, artxiboko irudi batean.Sara Ibarguren Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioak debekatzea erabaki du, Egia auzoan behintzat. Hala jakinarazi zien atzo Udaltzaingoak KASeko Egiako kideei, ahoz egindako notifikazio batean. Udaltzainak paper bat zuen arren, ez zien ekintzaileei eman nahi izan, eta beraz, ikusteke dago debeku hori afariak banatzen dituzten beste puntuetara ere iritsiko den; Parte Zaharrera eta Amara Berrira, alegia. Gertaturikoa salatzeko, KASek prentsaurreko bat egingo du arratsaldean, 18:00etan, Teresa de Calcuta plazan.
Aste korapilatsua izan da hau KASentzat. Duela lau urtetik boluntarioki egiten duten lana kriminalizazioarekin lotuz, astelehenean, afari solidarioen kontrako baimendu gabeko elkarretaratze bat egin zuten hainbat herritarrek Egian, afariak banatzen dituzten lekuan bertan. Telegram eta Instagram kanal batzuetatik zabaldu zuten deialdia, “segurtasuna aldarrikatzeko” . Bertan izan ziren Donostiako Udaleko PPko hiru zinegotzi ere, eta Jorge Mota eta Vanesa Velez zinegotziek bertan zeuden KASeko jarraitzaileei alde egiteko eskatu zieten, une batzuetan, irainduz. Tentsio handiko uneak bizi izan zituzten bertaratu zirenek, eta Ertzaintzak hainbat pertsona identifikatu zituen azkenean.
Gertaera horren ondotik etorri da Donostiako Udalak KAS-i ezarri dion debekua, nahiz eta KASeko kide batek atzo IRUTXULOKO HITZAri egindako adierazpenetan honakoa azaldu: “Kaleko Afari Solidarioko kideok lau urte daramatzagu afariak egiten, elkartasunezko lan publiko bat boluntarioki egiten, eta egunero afariak ematen kalean eta muturreko baldintzetan bizi diren 250 pertsona eta gehiagori. Hain zuzen, hori da udalak debekatu diguna. Orain arte, udalak baimen tazitua eman digu, jakin baitzekien afariak ematen genituela, udalarekin hainbat alditan bildu garelako gaiaz hitz egiteko. Gaur arte, ez digute eragozpenik jarri, gaur ez dakit zergatik izan den hala. Elkartasuna ezin daiteke delitu izan, beraz, ahal dugun neurrian, ez gara eserita geratuko”.
Kaleko Afari Solidarioak egitasmoa
Uztailaren 10ean, Kaleko Afari Solidarioak eta Herritarren Harrera Sareak prentsaurreko bat egin zuten Plaza Berrian, Donostian, baliabiderik ez duten pertsonen egoera zein den azaltzeko. Hain zuzen ere, Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu zuten aipaturiko taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center dagoen hirian, pertsona hauek kalean bizirauten dute, edo, zorterik badute, argirik eta urik gabeko etxeetan bizi dira, askotan higienerako aukerarik gabe, eta osasun fisiko, psikologiko eta emozionala lortzeko zailtasun handiarekin”, adierazi zuten.
Duela lau urtetik, ordea, KASeko boluntarioek 200 afari bero baino gehiago banatzen dituzte urteko egun guztietan, hiriko hiru puntutan. Nabarmendu dutenez, lan hori “herritar anonimoen ahalegin, diru eta elkartasunari esker” egiten dute. Ordea, oztopoak ere izaten dituzte, “behin baino gehiagotan” zeregin horretan daudelarik poliziak bideo kameraz grabatu baititu.
Euren lanarekin kalean bizi direnei laguntzen saiatzen badira ere, maiz, afari hauek ez direla guztientzat iristen adierazi dute: “Oso kezkatuta gaude hiru puntutara datozen pertsonen kopuruak gora egin duelako eta tristuraz ikusten dugu guk emandakoa askotan beraien eguneko otordu bakarra izatea, ez baitago gosaltzeko edo bazkaltzeko ia zerbitzu publikorik, eta udalekoak ez diren baliabideek, haien jarduera eten edo behin behinean itxita daudelako”. Hori dela eta, Eneko Goia alkateari baliabide gehiago jartzeko eskatu zioten: “Donostian pintxoak jatera joatea ez ezik, afari soil batekin bizirik irautea ere asko kostatzen da”. Hemen irakur dezakezue albistea osorik.
Bitarteko gehiago eskatu ditu udalak Gipuzkoan
Hilabete honetan bertan, Donostiako Udalak bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako baliabide gehiago eskatu dizkie Gipuzkoako gainerako herriei. Izan ere, udalak azaldu duenez, arreta eskaerak gora egin du azken urteetan, eta laguntza behar dutenen gehiengoa Donostian dago, baliabide gehienak ere hirian daudelako. Udalaren arabera, Donostiak gizarte larrialdiko egoeran dauden pertsonentzat eskaintzen dituen zentro eta zerbitzuak “beteta” daude, eta beraz, “elkartasuna” eskatu die lurraldeko gainerako herriei ere, harrera etxeak, eguneko arreta zerbitzuak edo gaua igarotzeko zentroak eskaini ditzaten.
Horretarako, udalak mahai iraunkor bat sortzeko eskatu du, Gipuzkoan bazterkeriaren aurka jarduteko, eskualde guztiekin elkarlanean. Lehenengo bilera urte honen amaieran egitea aurreikusten dute.
Mariaje Idoeta Gizarte Zerbitzuetako, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotziaren arabera, udal aurrekontu batetik ari da udala lurralde osoan baliabideak ematen. Kopuru hori 3,3 milioi eurora iritsi zen 2023an, eta udalak 2,9 milioi euro aurreikusi zituen zerbitzu horiek hobetzeko. Bada, horri buelta emateko, Idoetaren ustez, “udalerri garrantzitsuak daude” biztanleriari dagokionez “bazterkeria baliabideetan lanean has daitezen. Ez badituzte, sortu ere ez dituztelako egin da”.

