Urriaren 28an hasiko da 2025eko Urrezko Danborra aukeratzeko prozesua
Azaroaren 11ra bitarte aurkeztu ahal izango dituzte hautagaitzak Donostian erroldatuta dauden herritarrek.
Datorren astelehenetik aurrera, erroldatuta dauden donostiarrek Urrezko Danborrerako proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte azaroaren 11ra bitartean. Herritarrekin batera elkarte, fundazio, kirol elkarte, enpresa eta Donostiako Udaleko udal taldeek ere hautagaiak aurkeztu ditzakete.
Proposamenak internetez egin ahal izango dira udalaren atarian. Hala behar duten pertsonek, Herri Partaidetza Zerbitzuaren bulegoetan laguntza jasoko dute online plataformaren bidez proposamena egin ahal izateko. Bakoitzeko proposamen bakarra onartuko da. Epe hau bukatuta, Idazkaritza Orokorrak eta Herri Partaidetza Zerbitzuak proposamenak aztertuko ditu azaroaren 11tik 22ra bitartean. Txostenak udaleko Bozeramaileen Batzordera bidaliko dira.
Azaroaren 25a eta 29a artean batzorde horrek gehienez hiru hautagai aukeratuko ditu. Hautagai batek Bozeramaileen Batzordearen gehiengo berezia lortuko balu, hau da udalbatzaren ordezkaritza ponderatuaren bi herenak, Urrezko Danborra zuzenean eman ahal izango dute.
Gehiengo hori lortzen ez bada, Urrezko Danborraren aukeraketa herritarrek egin ahal izango dute boto bidez abenduaren 9tik eta 15era bitartean. 16 urtetik gorako herritar erroldatuek irabazlea hautatzeko aukera izango lukete herri bozketa bidez, udalaren webgunean eta aurrez aurre ere Herri Partaidetza Zerbitzuaren bulegoan, non laguntza teknikoa emango da plataforma bidez bozkatu ahal izateko. Pertsona bakoitzak behin bozkatu ahal izango du.
Horrenbestez, abenduaren 18an jakinaraziko luke udalak hautagaitza saritua, boto gehien jaso duena, eta ondoren udalbatzarrak berretsi beharko du.