Araconta enpresak «langileen antolakuntzari eta askatasun sindikalari eraso» egin diola salatu du LABek
Araconta enpresaren egoitzaren aurrean (Pilotegi bidean) protesta egin du astelehen arratsaldean LAB sindikatuak, enpresa horrek “langileen antolakuntzari eta askatasun sindikalari eraso” egin diola salatzeko. Gomez Group Metering taldearen parte da Araconta, eta uraren eta energiaren kontagailuak saldu, instalatu, mantendu, irakurri eta fakturatzen ditu ur publikoen eta pribatuen zerbitzuetan, energia kudeatzaileetan eta bizilagunen komunitateetan.
LABek azaldu duenez, langileek “hamabost urte baino gehiago daramatzate lan hitzarmenik gabe, Langileen Estatutua eta LGS ezartzen dietelarik. Honek, azken urte hauetan bizitzaren garestitzeari aurre egiteko %30eko ahalmen ekonomikoa galdu dute”.
Hori dela eta, sindikatuak dioenez, “bidelagun izateko eskaintza egin zien langileei, horretarako antolakuntza eta borroka ezinbestekoak izan behar zirela adostuta”. Ordea, hor hasi zen “jazarpena”, LABek salatu duenez: “Hauteskunde sindikalak egiteko asmoa adostu genuen. Irailaren 24an, hauteskundeak egiteko aurreabisua lan ordezkaritzan erregistratu eta enpresari honen berri helarazi genion. Hemendik aurrera hasi zen langileen kontrako jazarpena enpresaren aldetik, eta, honen ondorioz, enpresak bi langile kaleratu ditu inongo lotsarik gabe, tartean langileen ordezkari izateko hautagaia”.
Gertaera “onartezina” dela nabarmendu du sindikatuak: “Langileen antolakuntzari eta askatasun sindikalari egindako eraso honen aurrean, borrokaren bitartez enpresari aurre egiteko antolatu gara. Argi daukagu ezin dugula eraso hau onartu eta gure sindikal baliabide guztiak erabiliko ditugula kaleratutako langileak berriz ere berronartu eta hauteskunde prozesu demokratiko eta gardena egiteko eskubidea bermatu arte”.