'Hamaika entzuteko!' irrati piezen lehiaketa hamargarrenera iritsi da
Donostia Kultura Irratiak Hamaika entzuteko! irrati piezen lehiaketaren hamargarren edizioa antolatu du. Lehiaketa honek irrati pieza labur eta originalen ekoizpena eta hedapena bultzatzea du helburu.
Parte hartzaileek gehienez bost minutuko piezak aurkeztu ahal izango dituzte, gaztelaniaz edo euskaraz. Gaia guztiz askea da eta edozein motatako pieza izan daiteke: irrati fikzioa, irrati kazetaritza, erreportajea, dibulgazioa… Aurkeztutako lanaren originaltasuna, sormena eta interesa izango ditu kontuan epaimahaiak. Donostia Kultura Irratiak parte hartzaileen zerbitzura jarriko ditu bere estudioak eta baliabideak eta aurkezteko irrati pieza bertan grabatzeko eta editatzeko aukera eskaintzen du, nahi izanez gero.
Bi sari daude jokoan: irrati pieza onenaren saria —800 euro—, eta euskarazko irrati pieza onenaren saria —600 euro—. Donostia Kultura Irratiaren posta elektronikoan lanak aurkezteko epea irekita dago, eta azaroaren 25a da azken eguna. Oinarriak eta informazio gehiago helbide honetan topa daitezke.