HAPOaren Ekialdeko Barrutiko parte hartze prozesuan udala «oztopoak» jartzen ari dela salatu dute
Donostiako hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) berrikuspena abian da, eta duela aste batzuk argitaratu zuen udalak planaren aurrerakina, baita parte hartze prozesua abiatu ere. Orain hasiko dira auzo guztietan prozesuko bigarren bilerekin, eta, hain zuzen ere, bihar (hilak 29, 18:00) egingo dute Ekialdeko Barrutiko bigarren bilera, Altzari, Bidebietari eta Intxaurrondori eragiten dieten gaietan sakontzeko. Bilera hori, hilaren 8koa bezalaxe, Altzako Tomasene Kultur Etxean zen egitekoa —hala jakinarazi zien udalak posta elektroniko bidez lehenengo bilerara bertaratutakoei—, baina udalak lekua aldatu du eta Intxaurrondo Kultur Etxean egingo dute; erabakiarekin haserre agertu dira hiru auzoetako zenbait eragile.
Hilaren 8ko bileran, auzotar eta eragile ugarik hartu zuten hitza, eta asko izan ziren aurrerakinak ekialdean planteatzen duenarekin eta parte hartze prozesuarekin berarekin haserre eta mesfidati agertu zirenak. Hori dela eta, horrekin lotzen dute eragileek lekualdaketaren erabakia: “Ikusten dugu bileraren lekua aldatzea erabaki dela, bestelako esplikazio eta argudiorik gabe. Jakina, erabaki hori aurreko bileran egindako eskaerekin lotzen dugu. Argi dago Altza inguruko herritarren presentzia oztopatu nahi dela. Badakigu Ekialdeko Barrutiko gainerako eremuek prozesu honetan ekarpenak egiteko beharra eta eskubidea dutela, baina uste dugu hartutako erabakiak ez diola irizpide horri jarraitzen. Izan ere, Tomaseneko bileran Intxaurrondoko eta Bidebietako jendeak parte hartu zuen, eta HAPOak Altzan duen eragina ezagututa, ez zuten inolako eragozpenik jarri”.
Hain zuzen ere, HAPOaren aurrerakinean aurreikusita daude esku hartzeek, bereziki etxebizitza berrien eraikuntzaren ingurukoek, eragin nabarmena dute ekialdean eta, bereziki, Altzan; besteak beste, Auditz Akular berdegunean 3.000 etxe eraikitzea lehentasunezkoa jotzen delako aurrerakinean.
Horregatik, Altzako hainbat eragilek ez ezik, Intxaurrondoko eta Bidebietako hainbatek sinatu dute lekualdaketa salatzen duen dokumentua: Altzako Historia Mintegia, Altza XXI Herri Ekimena, Altzania Kultur Elkartea, Altzako Elkartasuna auzo elkartea, Bidebietako Bideak auzo elkartea, Altzako Bizarrain Euskara Elkartea, Herrerako Herripe auzo elkartea, Intxaurrondoko IZBE auzo elkartea, Lodabe auzo elkartea, Marruelkar auzo elkartea, Oleta auzo elkartea, Osteguna auzo elkartea, Plazandreok, Showtime dantza taldea eta Gure Bidea elkartea.
“Bilera Tomasenen programatuta zegoen moduan egin behar dela uste dugu. Bestela, beste oztopo bat jarriko zaio berez zalantzan jarritako prozesu parte hartzaile baten garapenari, inplikatutako komunitateen iritziak entzun eta kontuan hartu ahal izateko balio beharko lukeena”, gaineratu dute.